Munduaren beste muturreraino joan eta euskaldun batekin topo egingo duzula esan ohi da askotan. Kale estu bateko trekking agentzia batean lanean ari da Mikel Leizeaga (Legazpi, 1965), Katmanduko zirkulazioaren kaosaren erdian, Thamel auzo jendetsuan. Badaramatza 11 urte Katmandun, eta ondo ezagutzen du Nepalgo bizimodua.
Noiz etorri zinen lehen aldiz Nepalera?
1994an etorri nintzen, Annapurnako trekkinga egitera. Lagun batek kamiseta brodatuak eramateko eskatu zidan, eta 280 kilo eraman nituen, kamiseta eta prakatan. Euskal Herrian saldu, eta irabaziak bidaia ordaintzeko balio izan zidan. Lau hilabetera itzuli nintzen, Lantangeko trekkinga egitera.
Eta noiztik bizi zara Katmandun?
1999an hemengo neska bat ezagutu nuen, ezkondu eta Katmandun gelditu nintzen bizitzen. Nepalera kalean ikasi nuen, eta pixka bat irakurriz alfabetatu nintzen.
Trekking agentzia irekitzeko ideia nondik sortu zitzaizun?
Mendizalea izanik, trekking munduan sartu nintzen pixkanaka, eta Nepalgo adiskide batekin ireki nuen, beharrezkoa baitzen hemengo herritar bat bazkide izatea. Orain Industria Sailak arau hori kendu egingo du, baina atzerritar batek ezin du negozioaren lurra erosi. Horrela da Asia osoan.
Zer moduz funtzionatzen du?
Mendia da nire mundua, eta oso gustura ari naiz. Frantzia, Italia eta beste leku askotako bezeroak ditugu; euskal herritarrak eta katalanak ere etortzen dira. Abuztutik hona 150 mendizale eraman ditugu trekkingetara, bost eta hamabost laguneko taldeetan, zama eramaileekin. Udaberrian beste hainbeste izaten dira. Gehienek Annapurnako trekkinga egiten dute, tradizio handienekoa baita. Everesteko beheko kanpalekura doana, Lantangekoa, Kanchengjungakoa... eskualde horietan ibiltzen gara, eta sei eta zazpi mila metroko mendietara ere antolatzen ditugu irteerak, baina gutxiago.
Zer eskaintzen duzue?
Taldea aireportuan hartu, eta dena neurrira egiten zaie: ibilbidea, zamaketariak, lotarako lekuak... Zerbitzu guztiak eskaintzen dizkiegu. 520 agentzia daude Katmandun, elkarte batean federatuta. Urte batzuetan beldur handia izan da, egoera politikoagatik, baina orain ez dago arazorik.
Jendeak ba al daki nora datorren?
Denetarik dago. Batzuek oso ondo dakite eta xehetasun guztiak eskatzen dizkigute etorri aurretik, baina beste batzuk Pirinioetan ibili gabe datoz Himalayara.
Zerk harritu zintuen gehien Nepalera etorri zinen lehen aldian?
Zikinkeriak, zakurren zaunkek edo behiak kalean ikusteak-orain gutxiago ikusten dira-. Baina, bestalde, jende oso ona da, beti irribarrez daude. Gustatzen zait leku hau. Hemen naiz benetako Mikel, bost zentzumenekin, eta ez Euskal Herrira joaten naizenean. Urtero bizpahiru aldiz bisitatzen dut familia, ekainean eta abenduan, montzoia tarteko hemen denboraldi baxua denean.
Egoera politikoa aipatu duzu lehen. Nola dago Nepal?
Politikari txarrak daude. Gobernuan zazpi alderdi daude koalizioan, baina ez dira ados jartzen. Azken bi urteetan hamazazpi bozketa egin dituzte lehen ministroa aukeratzeko, eta oraindik ez dute erabaki. Maoistek ez dute lehen ministroa berena izaterik nahi, eta besteei pasatzen diete arazoa. Konstituzioa ere aspaldikoa da, eta Txinaren eta Indiaren artean darabilte dena, botoak erosiz.
Eta nolakoa da egoera ekonomikoa?
Turismoa igotzen ari da, baina diru asko kanpora doa: Suitzara, Malaysiara... Nepalgo diru sarrera nagusia kanpotik iristen diren laguntzak dira: Japoniatik, Australiatik, Suitzatik... Zeelanda Berria zubiak egiten ari da; Txina, errepideak. Nepaldarrak langileak dira, baina langabezia oso handia da, %48koa, eta asko atzerrira joaten dira lanera. Nekazaritza autokontsumorako nekazaritza da, ez kanpora saltzeko. Janaria badago, baina dirurik ez. Horregatik dago hamar herrialde behartsuenen artean.
Zer iritzi dute nepaldarrek turistez?
Denak aberatsak garela uste dute. Etorri nintzenean zaila egiten zitzaidan lan egiten dugula azaltzea. Jende jatorra da, leiala eta fidagarria.
MENDIA
«Pirinioetan ibili gabe datoz batzuk Himalayara»
1994an joan zen lehen aldiz Nepalera, Annapurnako trekkinga egitera. Mendiak eraman zuen herrialde hartara, eta mendira bideratzen ditu mendizaleak orain, Katmandun irekitako agentziatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu