Ion Celestino. binilo bildumagilea

«Pisu eta zarata handiegia dute, baina oso usain ona»

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
«Etxe txikiegia, eta binilo gehiegi». Hala deskribatzen du bere egoera Ion Celestinobildumagile eta musikariak (1982, Donostia). 600 single eta 350 LP. Horiek etxean, eta gurasoenean gehiago. Lagun baten hitzak erabiltzen ditu bere zaletasuna azaltzeko: «Astunegiak dira, zarata handiegia dute; baina oso usain ona dute». Ez da umorea soilik. Celestinoren hitzetan musikaz gain, biniloek badute musikaz haragoko zerbait. Zubi moduko bat dira.

«Kultura kontu bat da», dio. «Gustatzen zaizkidan musika mota gehienak horrela eman dira, biniloarekin, eta haiekin harremanetan jartzeko modu bat da, horregatik. Estilo eta estetika horien barruan egiten diren gauzarik gehienak horrela egiten dira gaur egun ere. Ez da objektu hutsa, mundu horrekin harremanetan jartzeko modu bat da».

Gauza konkretuen bila aritzen da gehien-gehienetan. Perlak nahi ditu. Mugarri moduko epe bat ere badu bilduman. «Ez dago apenas 1978az geroko diskorik, eta musika beltza da nagusiki dudana; jazz dezente, soula, jamaikar musika, 60ko rock psikodelikoa...». Boladaka aritzen da muga horien barruan. Merkatutik kanpo, baina modak aipatzen ditu; «nigan ematen diren modak».

Plazertzat aipatzen du bilaketa bera. «Gaur egun oso erraza da musika lortzea. Edozer disko entzuteko ez da Internet edukitzea baino askoz ere gehiago behar. Eta gezurra dirudien arren, hain zuzen ere, hori da bildumazaletasunari balio handiagoa ematen diona: bilatu egin behar da».

Betelan digitala

Diskoari jartzen zaion arreta ere handiagoa da biniloekin, Celestinok dioenez. Singleak dira horren froga nagusia. «Biniloa jarri, kanta entzun, eta bukatu da. Beste bat jarri behar duzu, ez dago gehiago, eta ezin da jarrita utzi, bitartean beste zerbait egiteko. Jarri duzuna entzuten egon behar duzu ehuneko ehun». Horren defentsa egiten du berak: «Funkean eta hasierako reaggean baziren single bakarra ateratzen zuten talde asko. Maisulanak ziren batzuk, baina horretan gelditzen ziren. Kanta bakar horretan. Formatu digitalek betelana ekarri dute, nik uste. Eta ez zait gustatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.