Denak plagiatzaile.Umorez hartu beharko da SER irrati kateak COPEren aurka auzi eskea aurkeztu izana epaitegietan. Tiempo de Juego-k Carrusel deportivo saio mitikoko hamabi osagai plagiatu omen ditu, Paco Gonzalez eta Pepe Domingo Castaño esatari traidoreen eskutik. Carrusel deportivo-ren formatua orain 50 urte eratu zuela Union Radio zenak, gerora SER katea bilakatu zenak. Hain zuzen, kirol-irrati formula horretako egitura, estiloa, tonua, narrazioak… denek errepikatzen dute, gutxi-asko, Espainiako irratigintzan: Tablero deportivo (Radio Nacional), Radio Estadio (Onda Cero), Mirador de la liga (Punto Radio)… Gertuagoko geure irratiek ere, ez dira askorik urruntzen formula arrakastatsu horretatik.
Datorren EGM.Nahitaez, auzi eske hori ostegunean argitaratzekoa den EGMren entzule datuekin lotu beharra dago. Edonori agudo burura datorkion interpretazioa da urduri dagoela SER katea, fair play-a ezin onarturik, ikusita milaka entzule futbol-erok eta publizitate irabaziek egin diotela ihes COPEra azken hilabeteetan, eta osteguneko neurketak galera horiek bistara ditzakeela.
Fokupean zer...Irratigintzan dena asmatua dagoela dirudi; nork nor plagiatzen duen, nork jakin? Irrati batetik besterako berezitasun bakanak ildo editorialek eta mikro aurreko esale jakin honen edo haren estilo pertsonalek dakarte; hain zuzen, arretaren fokuak non jartzen diren piztuta eta non itzalita, zein diren irizpideak elkarrizketatu edo tertulianoak hautatzerakoan, e.a., eta ondoren, osagai horiek nola aurkezten diren mahai gainean. Esate batera, Onda Vascak ahalegin itzela egin dezake promoen bitartez, zera adierazteko: bere eskaintza dela «La radio sin domesticar» (Radio Euskaditik bereizteko) edota «la realidad sin cambios» (beste inork ez ei duen benetakotasuna azpimarratzeko). Nork sinetsi, ordea, aldarrikapen handiuste horiek? Bestelakorik esaten baitigu irrati horren praktikak. Javier Vizcainoren Gabon saioa iragartzeko MQP saioko sintonia zaharra erabiltzen da (Vizcainok lehengo lepotik segitzen duela adierazi nahian). Prentsaren irakurketan, Noticias taldeko egunkariak dira nagusi, gauero. Zilegi da guztiz halaxe egitea, baina aitortu beharko da errealitatearen zati bat jartzen dela fokupean, ez errealitate osoa.
Uhinetatik tiraka. Xabier Lasa
Plagioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu