Azken egunotako eguzki izpiek jende anitz jarri dute Uharten (Nafarroa) Oihana mendira bidean. 600 metro eskaseko gailurra izan arren, ospe handikoa da uhartearren artean. Haien oihana da. Karriken porlana ahaztu, eta mendiko lurra zapaltzeko tokia. Haritzen itzala eskaintzen du hegoaldeko magalean; pinuena, berriz, iparraldekoan. Haritzen aurpegia erakusten die mendiak uhartearrei. Berdea udaberrian, eta marroi sakona udazkenean. Adarretatik lurrera jauzi egiten duten hostoak ohatze eder bilakatzen dira, oraindik ere, mendian aterpea bilatzen duten basurdeentzat eta orkatzentzat.
Mendia inguratzeko hainbat aukera bada, eta guztien inguruko seinaleak badira. Bide errazak dira guztiak. Uhartearrek maiz erabiltzen dituzte lagunekin paseoan ibiltzeko; txakurrarekin haizea hartzeko. Igande goizetan kirol apur bat egiteko. Bada bidea korrika batean egiten duena; baina gehienek patxadaz hartzen dute aldapa igotzeko lana, paisaiak eskaintzen dituenak gozatu ahal izateko. Gailurreraino ailegatzen denak, hain zuzen ere, hainbat sari badu egindako ahaleginaren truke: batetik, inguru guztia begi bistan. Iruñea, Esteribar eta Ezkabarte. Bertzetik, aspaldi ingurua zapaldu zuten gizakien arrastoak. Uharteko gaztelua izan zenaren harriak. Gelditzen diren apurrak, inguruko historiaren lekuko.
Duela hainbat urte aurkitu zituzten, mendia atontzeko egin zituzten lanen harira. Herriko gotorlekuaren aztarnak, eta, haiekin batera, mendiaren beheko aldean, Uharteko alde zaharraren gainean, hain justu, San Esteban Monasterioa izan zenaren berri ematen zuten harriak. Gotorleku zaharrenaren arrastoak XI-XIII. mendekoak omen dira; gerora bertzelako elementuak gehitu zizkioten hasierako eraikinari. Monasterioa, berriz, XVIII. mendean hustu omen zuten.
Mendiak eskaini dizkion baliabideak profitatu ditu inguruko jendeak beti. Egurra eta harria ateratzen zuten handik garai batean; usoak harrapatzeko tokia ere bazen. XVIII. mende bukaeran bertako zuhaitz guztiak moztu zituzten arte. Biluzik utzi zuten oihana. 1828. urtean hasi zituzten mendia berritzeko lanak. Egun ageri diren haritzak landatu zituzten.
Mendia zaindu
Erdi Arotik anitz aldatu da Oihana mendiak inguruan duen paisaia. Oraindik ederra da, neurri handi batean, baina mendiekin eta basoekin tartekatzen da inguruko industrialdeetako eraikin metalikoen irudia. Egungo gizartearen ondarea.
Uhartearrek, hala ere, egin dute ahalegina etxe ondoan duten naturaren zatihorri eusteko, eta udalak agertu du mendiaren egoera hobetzeko asmoa. Basoak gordetzen duen historia ezagutarazteko, batetik, eta basoa bera osatzen duten landareen, zuhaitzen eta animalien berri emateko, bertzetik. Bisitariek jakin dezaten zapaltzen ari diren lurra nolakoa den, eta zer-nolako garrantzia duen.
Udalak esku artean dituen proiektuak bazter utzita, herritarrek egiten dizkioten bisiten bidez aitortzen diote mendiari haientzat duen erranahia. Naturak eta historiak bat egiten dute bertan, eta Uharten hori badakite. Azken egunotako eguzki izpiak gustura hartu dituzte herritar anitzek, mendiari aspalditik zor zioten bisita egin ahal izateko. Elurrak zuritu duenean ere ez du bere xarma galdu Oihanak. Udaberria mendian bere tokia hartzeko prest da jada. Gaztelu zaharreko harriak, haren zain.
PLAZA GIRO. Naturak eta historiak bat
Uhartearrak Oihana mendiaren magalean bizi dira, hegoaldeko hegaleko haritzei so; tontorrak, berriz, Erdi Aroko gazteluaren aztarnak zaintzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu