Partidak tarte handia hartu zuen hedabide askotan igandea iritsi baino lehen ere. Ohi bezala ikusmina sortu zuen. Irujo eta Barriola gai dira horretarako. Telebista piztu eta Donostiako pilotalekuari begira hala zirudien. Hasi zen, hasi bazen, eta ohartzerako amaitu. Susmoa dut, zuzenean zein etxean finala ikusi genuenok ez genuela partidan sartzeko aukerarik izan. Eta ziur naiz, etxetik begira geundenontzat langintza zailagoa izan zela kokatzeko ariketa hori. Final azkarra izan zen. Eroa, indartsua, bizia... Hasterako Abelek zazpi tanto egin zituen. Juanek 10 segidan. Gehienak sakez. Ondoren pasak,dejadak, airez moztutakoak, luzeegi edo motzegi joandakoak eta besarkadak, pozak, tristurak, eskaintzak...
Partida bera izan zen kokatzen utzi ez gintuen arrazoietako bat. Jokatzeko moldea. Harrigarria da, ohikoa izan daitekeen arren, finalaren iraupena: 43 minutu. Jokoan, ordea, bederatzi baino ez.
Lehen hogei minutu horietan lautan bidali gintuen ETBk iragarkietara. Zalantzak eragin zizkidan horrek. Zenbat emankizunetan gertatzen da halako zerbait? Bidezkoa ote da? Zenbat balio du iragarki bakoitzak hori eragiteko? Ahalbidetzen diren etenak xahutuz gero, guztietan txertatuko ote lituzkete iragarkiak? Partidan etenik ez balego, telebistaren erruz derrigorrezko direnez gain, nola jokatuko lukete? Audientzia altuak dauzkaten emanaldi denetan halakorik gertatuko balitz, zer? Ni bakarrik ari ote naiz honi buruz gogoetan? Besteak beste.
Izan ere, iragarkiek izan zuten ondoriorik. Lehen tantoen ondoren, Irujok etena eskatu zuen etsita. Iragarkiak. Baina behin konexioa itzulita jokoan ari ziren bi pilotariak. Tantoaren zati bat galdu genuen etxean ginenok. Aurkezleak adierazi zuenez, iberoarra ez zen gai izan etenak iraun ditzakeen bi minutuetan eserita egoteko eta espero baino lehen izan zen sakea.
Iragarkienari, tantotik tantora pilotari eta adituei egiten zaizkien elkarrizketa laburrak gehitu dakizkioke. Eta, ziur naiz, etxetik begira geundenontzat langintza zailagoa izan zela partidan kokatzeko ariketa.
Ez da berria pilotan finalak emateko modu hau. Arrakastatsua izan da askotan. Igandean, baina, eragin handia izan zuen. Nik ez nuen finala ikustea lortu. Finalak behar lukeen plazerean murgilduta, esan nahi dut.
Plazeraren bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu