Veracruztik (Mexiko) dator Mono Blanco taldea, eta kontzertua emango dute gaur Paco Ibañez abeslariarekin batera, Irungo (Gipuzkoa) Urdanibia plazan, iluntzeko 21:00etatik aurrera.
Jarochoa komunitateko musika gisa aldarrikatzeko ideiarekin sortu zen Mono Blanco taldea, 1977an. Estilo hori Veracruzko jarocho kulturan egiten dute, eta fandango jarocho izeneko festa tradizionalean jotzen dute bereziki; zapateatua eta poesi abestua nahasten dituzte.
Mono Blanco Ingalaterran, Marokon, Frantzian, Kuban, Portugalen eta beste hainbat herrialdetan egon da, betiere jatorri mexikarreko komunitate estatubatuarraren alde lan eginez. Taldearen ibilbidea oso arrakastatsua izan da, baina bere ekarpen garrantzitsuena du Veracruzko komunitatean tradizioa indartzea. Musika genero hori esperimentazioarekin uztartzeko modua aurkitu dute.
Paco Ibañez (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1934) abeslari eta gitarra jotzaileak autore espainiar eta iberoamerikarren poemak bertsionatzen ditu; besteak beste, Rafael Alberti, Luis de Gongora, Blas de Otero eta Gabriel Celayaren testuak. Bere ibilbide artistikoan 13 disko kaleratu ditu, eta aktibismo kulturalarekin lotzen dute haren lana.
PACO IBAÑEZ ETA MONO BLANCO
Noiz. Gaur, 21:00etan.
Non. Irungo Urdanibia plazan (Gipuzkoa).
Poesia eta Mexikoko musika
Paco Ibañez abeslariak eta Mono Blanco taldeak kontzertua emango dute gaur, 21:00etan, Irunen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu