W. H. Auden-ek erraten zuen poesia gasna bezalakoa dela, toki jakin bati lotua, baina bertze nonbait estimatua. Merengearekin ere antzeko zerbait gertatzen da: Frantziakoak, adibidez, franko ospe ona du gure artean (milingaren bati gogorregi iduritu arren).
Bertze poeta batek, Wallace Stevens-ek, dirua poesia klase bat dela idatzi zuen. Eta halaxe da, prefosta. Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia kontseilariak, Los Arcoseko poema epikoaren bultzatzaileak, 500.000 euro baino gehiago irabazi omen ditu lau urtean. Yolanda Barcinak %33 igan zuen bere soldata berriki. Ehun bat irakasle langabe gelditu diren honetan, lanpostu berezia sortu dute Pedro Pegenaute Hizkuntza Politikako zuzendari ohiarendako. Gobernu zinez lirikoa, Nafarroakoa. Platon al zen poetak hiritik lekutu nahi zituena?
Duela guti, Roberto Jimenez lehendakariordea ikusi nuen karrikan. PSNri heldu zaion porrota gorabehera, irribarretsu zebilen: Stevensen bertze aforismo batez oroitu nintzen, Seelenfriede durch Dichtung, poesia arimaren pozgarri. Badakizue naski zer poesia motaz ari naizen.
Barcinak jaso zuen tartakada alde guzietatik aztertu dute dagoeneko analistek eta, oro har, kaltegarritzat jo. Nire ustez, ordea, lirismoari tarte ñimiño bat eginez gero, memorian altxatzeko eguna izan zen; adibidez, Audenen lerro hauekin: «Brokerrak piztiak bezala Burtsako zoruan orroka ari direlarik, / eta pobreak ohikoak dituzten sufrimenduak pairatzen ari direlarik, / milaka lagunek egun hura gogoratzean / gauza ezohiko samarra egin zuteneko eguna gogoratuko dute».
Maratila
Poesia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu