Espainiako hauteskundeak hurbil ditugularik, gure alderdiek pentsatu dute tenore egokia dela abertzaleen artean indar nagusia nor den erabakitzeko —eta, beraz, pentsatu dute hobe dela bere helburuak eta estrategiak ezarriko dituen indar nagusi bakarra izatea, unean uneko taktikak adostuko zituzketen pisu berdintsuko zenbait indar izatea baino—. Horren aitzakian, koalizio batek hozka ederra egin dio Euskal Herrian pisu handia duen bertze alderdi bati eta, bidenabarkoan, hondarrekoz lortu Nafarroan nagusi zen koalizioa hondatzea (edo alderantziz, ez baitakit zein zen lehentasuna eta zein albo-ondorioa).
Edonola den ere, aspalditik ezagunak ziren bi helburu horiek eta, hortaz, koalizio horren jarrera ez da harritzekoa izan. Prozesu honetan, berriz, bitxiagoa izan da haserre joan, denbora luzean alderdikide izandakoekin arrunt gaizki moldatu eta orain aterpera tarrapataka bueltatu den alderdiaren jokamoldea. Tira, bitxia, Iruñetik begiratuz gero; Donostiatik ikusita, gauzak franko argitzen dira. Erdaraz bada esaera zahar bat lehoiak eta saguak, buztanak eta buruak aipatzen dituena, eta doi samarra dena mintzagai dugun zera honetarako.
Batzuen garaipenak eta bertzeen porrotak, Gipuzkoan, lurrikara politikoa ekarri dute Nafarroara. Zer inporta du, bada: heldu den urtean, Amaiurren elkartuko dira guztiak, erresuma zaharreko banderak eskuan. Bistan baita, politika erreala UPPSNren esku utzita, politika sinbolikorako toki aproposa dela Nafarroa. Erdiestekotan, aurten ere parlamentari bat bertzerik ez dugu erdietsiko Madrilgo parlamentuan.
Baina zer inporta du, bada?
Maratila
Politika nazionala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu