Lisbeth Gruwez. Dantzaria eta koreografoa

«Politikari batzuei gorputzarekin gezurra esaten irakasten diete orain»

Eskuin muturreko telepredikatzaile baten hitzaldiari mugimendua jarri dio sortzaile flandestarrak, entzuleak liluratzen dituztenen gorputz hizkuntza aztertzeko. Bilbon aurkezten ari da lana.

Edu Lartzanguren.
2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Lisbeth Gruwez (Kortrijk, Flandes, 1977) dantzari eta koreografoa da. Voetvolk taldea sortu zuen 2007. urtean, Maarten Van Cauwenberghe musika konposatzailearekin. It's going to get worse and worse and worse, my friend lana aurkezten ari da Bilbon. Gaur, La Fundicion aretoan taularatuko du, 19:00etan.

Benetan dantza egin daiteke telepredikatzaile baten hitzekin?

Hitzekin egin nahi nuen dantza oraingo honetan. Jimmy Swaggart telepredikatzailearen Bibliak drogen inguruan dioena hitzaldia topatu genuen. Sermoi sutsua da, estasira heltzen da hitzaldian, eta bere burua galtzen du. Europan izan ditugun diktadoreekin horrela gertatzen zen. Hitlerren hitzaldietan, esaterako, edukia penagarria bazen ere, jendetzak liluratu zitzakeen. Swaggartekin berdin gertatzen da: hitzaldia guztiz erlijiosoa da, eta guztiz txatxua, baina jendea liluratzen du. Halako hitzaldi batekin egin nahi nuen dantza.

Baina hitzalditik aipamen erlijiosoak edo drogen inguruko oro kendu dituzue. Zergatik?

Behin eta berriz esaten du izenburuan jaso duguna [Gero eta okerrago eta okerrago eta okerrago jarriko da, ene lagun]. Garai latz hauetan esaldi profetiko interesgarria da. Beste bat botatzen du: Ez dugu ezer aurreratu. Hitz unibertsalak dira. Baina lanaren abiapuntua ez da politikoa; ez dut dantza pieza politiko bat egin nahi izan, baizik eta sermoi sutsua botatzen duenaren egoera fisikoa aztertu.

Europan indartzen ari den eskuin muturraren edo populisten gorputz hizkuntza aztertu al duzu?

AEBetako hauteskundeetako hautagaien telebistako eztabaidetan ikusten ditugu mugimendu hauek, baita Sarkozy eta Marine Le Penekin ere. Izugarri ondo trebatzen dituzte, eta primeran kontrolatzen dute euren gorputzak esaten duena. Lehen, gorputzak ezin zuen gezurrik esan, baina orain politikari batzuei gorputzarekin gezurra esaten irakasten diete. Beldurgarria da, hitz eta mugimendu gozoekin sekulako mezu bortitzak ematen dituztelako.

Adituak ez garenok ikusten ez dugun mugimenduren bat nabarmenduko al diguzu?

Garai batekoak askoz sutsuago aritzen ziren, askoz bortitzago. Oraingoak askoz kontrolatuagoak dira. Alde horretatik, nahiago dut ikusi Mussolini edo Hitler hitz egiten; askoz dibertigarriagoak dira. Esaterako, Barack Obamak begiekin hirukia baino ez du erabiltzen. Hitlerrek Wagnerren musikak bezala hitz egiten zuen. Obama, berriz, Bach da: moderatua eta kontrolatua.

Begiekin hirukia egiten duela Obamak? Nola egiten da hori?

Eskuinetik ezkerrera begiratzen du beti, eta gero behera, eta berriz hasten da, etengabe. Errepikatzearekin egiten du lan: Yes we can mantrarekin bezala. Bachek ere horrela egiten zuen musika: akorde bat hartzen du eta errepikatzen du, bikoizten du...

Emakume bat gizonezko baten ahotsarekin dantzan ikusiko dugu. Halako hizlariak benetako boterea duten sabelhiztunen panpinak izaten direla esan nahi duzu?

Ez dut erabakitzen nor ari den nor manipulatzen, eta generoak ez du zerikusirik lan honetan. Horregatik janzten naiz era unisex batean. Maarten Van Cauwenberghek zuzenean botatzen ditu sermoilariaren hitz grabatuak. Horien arabera mugitzen naiz, baina neure mugimenduek ere hitzak eragiten dituzte. Panpina izan ninteke, edo, agian, neu naiz manipulatzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.