Bere bidaien inguruko testuak, irudiak eta horietan oinarrituriko kantuak biltzen dituen 7 Kolore disko-liburua argitaratu zuen abenduan Jon Arretxe idazleak. Liburuan bildutakoak irudi, hitz eta musika ikuskizun bihurtu zituen gero. Gaur Gasteizen arituko da, ikuskizunaren moldaketa taularatzen, zuzeneko musikarik gabekoa.
Aurpegi askoko artista da Arretxe. Bidaia liburuak eta eleberri beltzak idazteaz gain, kantu lirikoa ikasi du Bilbo eta Gasteizko goi musika eskoletan. Duela hamar bat urte argitaratu zituen testuok, baina iaz erabateko artelana bihurtzea erabaki zuen. Kristina Fernandez ilustratzaileak irudiak sortu zituen, testuotan oinarrituta, eta Francisco Ibañezek lied formatuko piezak sortu zizkion. Arretxek berak abestu zituen piezotako bi diskorako.
Ikuskizuna antzokietarako edo auditoriumetarako pentsatuta dago, baina, gaur, taberna batean aurkeztuko du egileak. Horregatik, musika grabatuta eramango du, eta, batez ere testua eta irudiari eskainiko die arreta. Munduan koloreen bidez bidaiatzeko gonbitea da ikuskizuna. Beltzetik zurira, espektro osoa pasako da ikusleen begien aurrean, eta kolore bakoitza sentimendu bati lotuko zaio.
'7 KOLORE'
Noiz. Gaur, 20:30ean.
Non. Parral Tabernan,Gasteizen.
Poltsikoko erabateko artelana
'7 Kolore' disko-liburuan oinarrituriko ikuskizuna emango du Jon Arretxek Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu