Porturako bidea, liskarretan

Ibaian zegoen portua gaur egun dagoen lekura eramateko bidea liskar artean egin dute ondarroarrek. Laster, arrain merkatua ere eraikiko dute.

Berdel kanpaina, Ondarroan. MARIBI UGARTEBURU / BUSTURIALDEKO HITZA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Ondarroa
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Padura baten gainean eraikitako herria da Ondarroa. Etimologiak hala dio, hanbat teoriaren arabera hondar eta aho, edo hondar eta ola hitzen elkarketa baita herriaren izena. Bata edo bestea izan, herriaren jatorrian hondar asko zegoela dio Ondarroa izenak.

Eta testuinguru horrek baldintzatuta bizi ziren garai batean. Izan ere, itsasgorarekin, itsasadar guztia urez betetzen zen, eta itsasoak behera egiten zuenean, ibaia bakarrik geratzen zen. Egoera hori aprobetxatuta, Ondarroako lehen portua ibaian kokatu zuten, eliza parean. Baina denboraleek ontziak hondatzen zituzten, eta hori ekiditeko hondartzan kai berri bat eraikitzen hasi ziren 1878an. Hamar urte geroago, ibaia kanalizatzeko lehen lanei ekin zioten.

Baina Ondarroako portuko lanak hasi besterik ez ziren egin. 1903an portua handitzeko proiektu bat aurkeztu zuten. Lanen ondoren 80.000 metro koadroko zabalgune bat sortuko zen, eta espazio hori urbanizatu egin nahi zuen udalak. Baina erakunde eta herritarrak aurka agertu ziren. Ondorioz, proiektua 20 urtez geldirik geratu zen, harik eta 1933 eta 1937 urteen artean eraiki zen arte.

Baina liskar horiek ez ziren bakarrak izan. Izan ere, 1963an portua garatzeko plan orokor bat aurkeztu baitzuen Espainiako Gobernuak. Han, kaia handitzeko zenbait neurri aurkeztu ziren, besteak beste, ibaia Arrigorri hondartzatik desbideratzea, hondartza desagertuz. Egitasmo horrek herritarren oposizioarekin egin zuen topo, baita orduko alkatearenarekin ere. 1967an lanak emanda zeuden arren, herri mobilizazioak proiektua bertan behera utzi zuen.

Arrain merkaturik gabe

Denbora horretan guztian Ondarroa arrain merkatu bateraturik gabe egon da. 1982an portuen eskumena Eusko Jaurlaritzari eman zitzaion, eta zenbait hobekuntza egin zituzten herrian: saihesbide berria, Calatravaren zubia, kirol portua, eta nasa berriak portuaren barruan. 1903ko proiektutik, beraz, kai barruko espazioa %50 hazi zen. Baina Ondarroak arrain merkatuaren beharra zeukan, eta, horretarako, 1998 eta 2004 urteen artean nasa berri bat eraikitzen hasi ziren. Baina herria proiektuaren aurka agertu zen berriz ere, eta tramitazioan ere akatsak egon ziren. Ondorioz, ordura arte eraikitakoa bertan behera bota zuen.

2007an kaia indartzeko proiektu bat garatu zen, eta 2010ean nasa berri bat eraikitzen hasi ziren, merkatua bertan egin ahal izateko. Lan horiek amaitu berriak dira, eta merkatuaren lanekin laster hastekoak dira. «Azpiegitura horrekin zerbitzu hobeak eskainiko ditugu, eta, ondorioz, kanpoko ontzi gehiago etorriko dira», Anton Golzarri Ondarroako portuko arduradunaren esanetan. Arrain merkatu horrekin, beraz, Ondarroak daukan nagusitasuna indartu egingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.