Zenbaitetan, Iruñeak ez du Iruñea iduri. Batzuetan, arreta paratu ezean, pentsatzen ahalko genuke bertze nonbait gaudela, hiri zabal, kultu eta tolerante batean, konparaziorako. Iruñea ez den bertze Iruñe batean, Boris Vianen lerroa moldatzea zilegi bazait. Zenbaitetan. Niri, adibidez, aurten gertatu zait: egun bertsuetan, La hormiga atómica-k urteak bete zituen (hiru, oker ez banabil), eta Mequierovivir-ek ateak zabaldu zituen. Liburu dendak dira biak. Lehendabizikoak gai politikoak jorratzen ditu; bigarrenak, artea. Biak bertze nonbait —bertze nonahi— irudikatzen ditut hobeki, Iruñean baino, bietan aurkitzen baititugu gure hiri honetako bertze dendetan harrapatzen ez ditugun liburuak eta giroa. Bietan, papera saltzea baino urrunago doazen helburuak eta ilusioa.
Gero, autobusa hartzera joan eta hantxe ikusten duzu gure alkatearen argazkia, villavesa batean jarrita, herritar batek zer erraten dion adi-adi. Jendearen ahotik ikasi baitu, segur aski ere, hondar urte hauetako politika baztertzailea. Makurrena da hauteskundeetarako iragarki horietako fikzioa egia bihurtuko balitz, alkateak benetan herritarren ahotsa adituko balu, akaso anitzek eskatuko lioketela egin duen politika egitea. Euskaldunon hiri buruzagi hau estaltzen duen zeru goibela ez baita soilik politikarien kontua.
Zenbaitetan, Iruñeak ez du Iruñea iduri. Gutitan. Martxoaren 20an Potemkin filmoteka hetsi behar dute. Han ere, eskaintza diferentea zen, eta giroa, bertzelakoa. Egun hartarik aitzin, Iruñea Pamplonago izanen da. Grisago, alegia. Itogarriago.
Maratila
Potemkin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu