Amaitzear dagoen urtea garratza izan da informazioa galiziera hutsean jasotzeko ohitura duten irakurleentzat. Azken hilabeteetan krisi ekonomikoak Xornal de Galicia, Galicia Hoxe eta A Nosa Terra egunkariak irentsi ditu, galizieraz argitaratzen zituzten egunkari bakarrak.
Egoera lazgarri horrek, baina, erantzun zuzena izango du datozen hilabeteetan. Egunetik egunera hedabide gehiago ixten diren garaian, egunkari digital bat sortzeko grina piztu zaio Galiziako kazetari eta idazle talde bati: Praza Pública. Galiziera hutsean idatziko dute, eta 2012ko urtarrilean webgunea zabaltzeko prest egongo direla iragarri dute arduradunek.
Baina, galizierazko informazioaz gain, kazetaritzaren negozioa ulertzeko beste ikuspegi bat proposatuko du Praza Pública kazetak. «Ez gara enpresa bat, irabazi asmorik gabeko fundazio bat baizik», esan du Manuel Martinez Berreiro Praza Pública proiektuaren sortzaileetako batek. Hala, Berreiroren esanetan, finantzaketa ez da egongo inolako enpresa publiko zein pribaturen eskuetan, eta irakurlea bera izango da kazetaren finantza iturri bakarra.
«Ez da ordaindu beharko informazioa irakurtzeagatik», azaldu du Berreirok, «baina irakurleek diru ekarpenak egin ditzakete, kudeaketa kontseiluan parte hartu eta egunkariaren norabidearen inguruko erabakietan eragin zuzena izan». Hala, kazeta digitalaren antolaketa eta funtzionamendua irakurleen esku egongo dela ziurtatu du arduradunak.
Albisteen gaien trataeran eta kazetaren lerro ideologikoan ere zer esana izango dute irakurleek. Dena den, oinarrizko printzipio batzuk errespetatu beharko dituztela iragarri du Berreirok: «kalitatezko kazetaritza, pluraltasuna, gizarte justizia, galizieraren sustapena eta herrialdearen autogobernua».
Kazetaritza garden baten alde
«Galiziako hedabideekin ados ez dauden irakurleen informazio beharrak bete nahi ditugu», esan du Berreirok. Hori lortzearren askatasuna printzipio nagusi bihurtuko duela dio arduradunak, eta egunkariak gardentasunaren aldeko apustu garbia egingo duela: «Irakurleei gardentasun osoa zor diegu, eta gure irabazi eta gastu guztiak jakinaraziko dizkiegu une oro».
Komunikazioa
'Praza Pública' kazeta jaio da Galizian, «kazetaritza eredu berri baten alde»
Egunkari digital berriak galizierak papereko hedabideetan galdutako presentzia indartu nahi du sarean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu