Presondegi
Euri langarra. 2010/10/10. Hendaiatik banoa autobidera buruz. Béhobie-Pausun: uniformeak. Policía nacional -a Frantziako aldetik. Espainol poliziek, nazioarteko zubi erdian den frontera marra gainditurik, Béhobie-Pausuko biribilgunea okupatzen dute. Biriatuko autobiderantz hartzen duten autoak beha ditzakete bidegurutze estrategiko horretan. Harriturik so egiten diet. Ikusten ari naizena egia izan daitekeela ezin sinetsiz. Autobidean, Baionara hurbilduz noan bitartean euria gero eta bortitzago. Baionan, ja Paul Bert plazan naizelarik, zurrustaka. Alternatiba herri-ko pankarta berdetan, letra zuriz: Changeons le système, pas le climat, mundu berria gaurdanik martxan. Izar, Le B@b café-ko xakur belgikar ile ñabarra, etzana dago barraren gibelean. Muttur beltxa patten artean, belarriak xut, begiak erne. Parean, Susan George mintzo da Megadendan. Jendea trumilka bildua konferentzia salan. Kanpoan, euria etengabe. «Gizarte osoa finantzak du gobernatzen gaur. Ekonomia da gaur sistema totala. Gainerako guzia ekonomiaren menpe da. Biosfera delarik, bizkitartean, sistema osoa. Ekonomia tresna bat baizik ez da: ez gaitu gobernatu behar! Bankak tutoretzapean ezarri behar dira. Populuak banketxetako kutxen betetzeko 14.000.000.000.000 dolar pagatu behar ditu! Rooseveltek zioen diruaren gobernamendua krimen organizatuaren gobernamendua bezain arriskugarria dela». Solasaldiaren bukaeran, norbaitek hitza hartzen du: «Sistemaren aldatzeko pentsamendu erradikal bat da behar. Bestela, gure presondegiaren barren pintatzen ariko gara. Besterik ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu