MARATILA
Pribac
Toulouse-ko inguruetan: Pibrac. Irailaren 10a, eguerdi aldera. Bero sapa. Udaren azkena. Herriko Sainte Germaine zelaiguneko eskolaren entseinan Ecole du village idatzia. Eskolierrak jolasean ari kasik hesirik ez duen perimetro zabalean. Errientsa haiei begira aulki batean jarririk. Ondoan, bi munduko gerlak gogorarazten duen hil-oroitarria. Nabarmena bereziki 14-18ko gerlan hildakoen zerrenda luzea. «A ses enfants morts pour la Patrie la commune de Pibrac reconnaissante » dio plakak. Zelaigunetik ikus daitezke beherago diren etxeak eta Pibrac-eko gazteluaren dorre gorriak. Eskailerak Rue principale-rantz doaz. Karrika nagusia. Katu beltz bat etxe atalaseko tapizean erdi-lo.Jateko, ardo eta edari finak saltzen dituen saltokia: «Le grapillon gourmand, produits régionaux, cave, vins fins, fromages». Guy du Faur de Pibrac humanistak (1529-1584) hemengo gazteluko lan-gelan idatzi omen zituen bere Quatrains sonatuak. Gazteluaren itxura gorrantz eta airosa eguzkipean. Parke berde zabaleko arbola handien itzalak. Belar pikatu berria. Gazteluko atezainak dio parkea bisita daitekeela baina ez ordea gazteluaren barnealdea. (Ez ditut ikusten ahalko beraz Ovidio-ren Metamorfosietaninspiratuak diren poetaren lan-gelako pinturak). Gazteluaren itzulia egiten dut. Hego sartaldeko kantoi dorrean, aterbetua den galeriaren puntan Pibrac-en meditazio-gela. Joanes Etxeberri Ziburukoak Pibrac-ez zioen: « Katonek ohoratu dik bersuaz Italia,/ Pibracquek Franzia...» (1627). Kanpotik, lehen estaiako galeriaren azpiko murrun bada eguzki-ordulari okre bat dioena : « Labora dum lucet ».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu