Kepa Acero. Surflaria

«Pribilegiatua sentitzen naiz, gustatzen zaidana eginez bizi bainaiz»

Olatu berrien bila ematen omen dute surflariek bizitza guztia. Acero ez da atzean geratzen, eta laster hasiko du hurrengo bidaia: Alaskara eta Txileko Patagoniara abiatuko da.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Abuztuan hasiko du Kepa Acerok bere hurrengo proiektua: Alaskara eta Txileko Patagoniara doa olatu berrien bila. Badira urte batzuk txapelketetan parte hartzeari utzi eta surfa beste modu batera bizitzeko erabakia hartu zuela. Iragan urtean 5 olatu, 5 kontinente proiektua gauzatu zuen; izenak adierazten duenez, bost kontinenteetan ibili zen Acero olatu onena bilatzeko asmoz. Duela gutxi bukatu berri du azkena: Donejakue bideko Iparraldeko Ibilbidea, maiatzean, bizikleta eta surfa egiteko taula hartuta. Berriz ere hegazkina hartu aurretik, hurrengo proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.

Iragan maiatzean Donejakue bidea egin zenuen surf egiteko taulaz eta bizikletaz lagundurik. Abuztuan, berriz, Alaskara eta Txileko Patagoniara zoaz. Ez zaizu geldirik egotea gustatzen, ezta?

Niri bidaiatzea asko gustatzen zait. Pribilegiatua sentitzen naiz, gustatzen zaidana eginez bizi bainaiz. Momentua aprobetxatzen ari naiz; surfa da gehien gustatzen zaidana, eta modu horretan herriak eta kulturak ezagutzea niretzat pribilegio bat da. Geldirik egon behar dudanean, egongo naiz, baina orain ez da momentua. Aprobetxatu egin nahi dut.

Zergatik aukeratu dituzu bi leku horiek?

Joan den urtean, 5 olatu, 5 kontinente proiektua egin nuen. Nolabait, munduari bira eman nion mendebaldetik ekialdera; oraingoan, iparraldetik hegoaldera egitea gustatuko litzaidake. Asmoa olatu berriak aurkitzea da. Azkenean, tropikoetan, gutxi gorabehera, aurkituta dago guztia. Beraz, esplorazio espiritu hori baldin badaukazu, poloetara joan behar duzu, eta hori da nire helburua.

Nola mugituko zara han?

Berez, nire asmoa inprobisatzea da. Azkenean, esploratzen duzunean, guztia da berria. Espiritu horrekin, hasiera batean, hara heldu eta nola egingo dudan jakin gabe noa; hori da, azken batean, nire erronka. Ziurrenik Alaskan auto bat hartuko dut; esan didatenez, hidro-hegazkinak daude, barkuak ere bai… Momentuan aurkitzen dudanaren arabera erabakiko dut.

Zenbat denbora emango duzu kanpoan?

Lau hilabeteko bidaia izango da, guztira. Hilabete eta erdi emango dut Alaskan. Ondoren, Perun hilabete emango dut. Hego hemisferioan egunak nola luzatzen diren ikusi, eta orduan abiatuko naiz Patagonia aldera.

Nork edo zerk lagunduko zaitu bidaia honetan?

Bakarrik noa. Nire motxilak eta surf egiteko taulek lagunduko naute.

Bidaia luzea izango da; ez duzu ezeren beldurrik?

Egia esan, bai, badut beldurra. Baina 5 olatu, 5 kontinente proiektuan gertatu zitzaidanaren moduan, joan aurretik izan nuen beldurra. Orain da beldurra daukadan momentua. Badakit behin Alaskan egonda han kokatuta egongo naizela eta gauzak naturaltasun osoz gertatuko direla. Hori da, azkenean, bilatzen dudana. Kontraesana dirudi, baina beldur horrek azkenean ziurtasun bat ematen dizu. Gauza eta jende berriak ezagutzea, eta horrela lortzen duzun esperientzia guztiak merezi du.

Itzultzen zarenean izango dugu Iparraldeko Ruta, 5 kontinente, 5 olatu eta horrelako dokumentalik ikusteko aukera?

Nire plana egunero nire bideo eta testu txikiak editatu eta eguneratzea da. Egia esan, ez dakit nola ibiliko naizen Interneterako sarbidearekin Alaskan. Dokumentala egitea ere planen barnean sartzen da, baina horrek denbora luzeagoa hartuko du. Halakoak Kepaacero.com-en ikusi ahal izango dira.

Zure dokumentalak ikusita, begi bistakoa da surfa ez dela zure proiektuekin bilatzen duzun gauza bakarra.

Nire ustez, txapelketak direla eta, surfa topikoekin nahastu da. Ni olatuen bila noa, nahiz nire blogean garrantzi handia ematen diedan beste gauza batzuei. Olatuak bilatze horretan topatzen ditudan esperientzia guztiak azaltzen saiatzen naiz.

Zer nahi duzu bidaia honekin?

Nire helburua olatu berriak bilatzea da, beti. Hori da nire motibazioa. Hala ere, etxera heltzen zarenean konturatzen zara askotan olatuak ez direla hain garrantzitsuak izan, bidean gertatu zaizkizun esperientzia eta ezagututako gauza berriekin alderaturik: jendea, herriak, kulturak… Surfa da helburua, baina horren atzean gauza gehiago dago.

1970eko hamarkadako surfaren esentzia berreskuratu nahi duzula esan zenuen elkarrizketa batean. XXI.mende honetan, ez duzu erotzat hartuko zaituzten beldurrik?

Nire ustez, batak ez du bestea kentzen. Niri teknologia berriak gustatzen zaizkit, eta erabiltzen ditut. Nire ustez, teknologia berriak nork bere egin eta erabili egin behar dira. Kontua ez da 1970eko hamarkadan ematen zen zerbait berreskuratzea; ez bakarrik hori. Jendeak badu esentzia hori surfaren munduan, baina ez da ezagutarazten. Beraz, ez da ikusten. Nire asmoa hori aldatzea da, erakustea. Mendizaleekin gertatzen den bezala, surflariok ere harreman zuzena dugu naturarekin; ez gara lehiaketa hutsean gelditzen.

Surf egiteko taulaz eta kameraz gain, bada maletan derrigor sartuko duzun zerbait?

Bidaia honetan zaku on bat beharko dut. Berez, nahiko sinplea da. Kamerak daramatzat, motxila eta surf egiteko taulak. Bidean beste zerbait beharko dut, edo, agian, daramatzadan gauzak utzi egin beharko ditut. Bidaiaren alde horrek ere erakartzen nau: ez dakit zer gertatuko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.