Haragi zaporetsua eta samurra da euskal esne bildotsarena. Eusko Label zigilua darama, eta erabat naturala da, gainera. Izan ere, ardi latxen edo Karrantzako ardien bildotsak eta haien nahasketakoak dira; Euskal Herrian jaio, bizi eta hildakoak. Erabat autoktonoak, beraz. Ardi horiek euren ohiko bizilekuan, mendian eta naturaren erdian ibiltzen dira, eta hori zaporean nabaritzen da gero. Ahoan desegiten den haragia da; testura izugarri suabea duena.
Hainbat arrazoirengatik da haragia hain samurra. Batetik, amaren esnearekin soilik elikatu diren bildotsak dira, eta, bestetik, hiru eta bost aste bitarte dituztenean —21 eta 35 egun artean— hiltzen dituzte.
Ezagutzeko erraza
Baina, zaporeaz gain, Eusko Label Kalitatearen zeinuak bereizten du haragi hori besteen aldean. Kontsumitzaileak K hizki gorri eta berdea duen logotipoarekin jakingo du euskal esne bildotsa dela; lau etiketa zuri eramaten ditu beti, laurden bakoitzean bat. Arkumea zein egunetan eta zein hiltegitan hil duten ere agertzen da estalkian.
Eusko Label Kalitateak produktu guztiekin egiten duen gisan, arkume hauek ere kalitate kontrol zorrotza pasatu behar izaten dute merkatura eta kontsumitzailearengana iritsi aurretik. Hala, Kalitatea Fundazioak eta horren kontrol organoak egiaztatzen dute bildotsek araudi osoa betetzen duten. Araudiak bildotsaren bizitza osoa hartzen du bere barnean, jaiotzen direnetik hiltegira eramaten dituzten arte. Horrela, animalia bakoitza banaka identifikatuta dago, eta baserritik hiltegira bitarteko garraioak ere baldintza zehatz batzuk bete behar ditu. Hiltegietan bertan ere ikuskatzaileak daude une oro.
Gastronomia
Primerako bildots samurra, Eusko Label zigiluduna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu