Kazetaritzan ohikoa denez, presiopean lan egitera ohituta bazegoen lehendik, baina orain, ohiko presioari hainbat gauza gehitu zaizkio: ezagutaraztea, kazetari lanaz gaindiko lanak egitea, proiektua abiaraztea, ilusioa mantentzea... ez dirudi horrek kikiltzen duenik Naroa Iturri. Hamaika Telebistaren lehenengo urratsean ari da lanean: Hamaika Bilbon.
Hernaniar batentzat zenbat Bilbo daude?
Bakarra. Handia, baina bakarra.
Orduan zergatik Hamaika Telebista?
Bilbo bakarra da, eta herri edo hiri bakoitza ere bakarra da. Kontua da Euskal Herrian hamaika kontu pasatzen direla, eta gu gai gara horiek guztiak gurera ekartzeko.
A! Nik uste nuen bilbotar bakoitzarentzat telebista bat egingo zenutela.
Hori gehiegi da. Bilbotar guztientzat izango da, baina bakoitzarentzat bat asko da!
Aurkezlea, erredakzio zuzendaria, makillatzailea, gonbidatuei arreta egiten diena... zerbait gehiago?
Militantzia militantzia da, eta hemen denetarik egin behar dugu, baina gustura ari naiz. Gauza asko egitea dagokigu, baina esperientzia polita da.
Orain arte ez zinen ohituta egongo?
ETBn egon naiz lanean luzaro, eta han ere lan asko eta txukuna egin arren, hemen familia batean gaude, eta zenbait lan banatu egiten ditugu.
Komunikabide handitik txikirako jauzia oso handia izan da?
Handia eta aberasgarria.
Aberasgarria?
Txikia handi egin nahi baduzu, azkenean, txikiak aberastu egiten zaitu.
Zer irabazi duzu aldaketarekin?
Proiektu baten hasiera ikustea. Hori altxorra da.
Lehenengo aldiz ikusi duzu zerbait horrela hasten?
Lehenengo-lehenengo aldiz, eta izugarria da: ilusioa, gogoa, indarra...
Eta galdu?
Galdu ez dut ezer egin. Lehen lankide eta lagun nituenak orain urrunago ditut, baina galdu ez dut ezer egin aldaketarekin.
Globalizazioa gogor dator, eta zer zentzu dute tokiko telebistek?
Globalizazioak hain handia denez, akats asko ditu. Tokiko telebistek aukera ematen digute bertako informazioa emateko, eta azkenean jendeak hori eskertu egiten du.
Helburua zein da: Euskal Herriari kanpoko berri ematea ala bertakoek Euskal Herriko berriak kontsumitzea?
Biak egin behar dira. Gu ez gara munduaren zilborra, baina beste leku batzuetan gertatzen dena jakitea ona da guretzat.
Telebista handiek ikusle datuei begiratzen diote, eta txikiek?
Guk nahi dugu jendeari gustatzea. Kalean joan eta entzutea 'ondo ari zarete, jarraitu horrela', gauza handia da.
Hori gertatu da?
Bai. Hilabete eta erdi daramagu, eta hori gertatu da. Jendeak kritikak eta ekarpenak ere egiten dizkigu.
Baina ez ote da Hamaika galduko Bilboaldean?
Galdu ez. Bilbon indarra hartuko dugu gero beste leku batzuetara zabaltzeko.
«Nik maite dut euskara, baina ez dut Hamaikaren kanala harrapatzen».
TDTn 23. katean, eta laster Euskaltelen bidez, Erkidego Autonomo guztian.
«Nik gaztelaniazko egunkariak irakurtzen ditut, baina euskaraz bizi naiz».
Eskelak datozelako? Penagarria da. Nazioa garen heinean aurrera egin behar dugu euskara eta guzti.
Eta gauza txikiek eta tokikoek nola laguntzen dute nazio eraikuntzan?
Nazioa astiro eraiki behar da. Herri ekimenak bultzatu behar dira, nazio izateko bidean.
Hamaikak zein notizia eman nahi du?
Asko! Nazioa garela. Beno, bagara, baina estatua ere badaukagula.
Hamaikatxo ikusteko jaio ote gara?
Hamaika, hamabi eta hamahiru. Gauza asko ikusiko ditugu orain gainera.
Hamahiru esan duzu... Maiatzaren 13an kamerarik bidaliko duzue Valentziara?
Bai. Nola ez! Bilbon gaude!
Txoritxo batek esan dit ospatu egin zenuela Athletic kopako finalean sartzea...
Ospatu nuen, bai! Futbola ez zait batere gustatzen, baina poztu egin naiz. Athleticekin hemen gertatzen dena izugarria da.
Bai, ezta?
Nik hala ikusi dut pisukideen, lankideen eta Bilboko lagunen artean. Zer zoramen mota bizi duen jendeak.
Eta hori ona da?
Bai eta ez. Jendeak energia hori guztia beste gauza batzuetara ere bideratuko balu, hobeto. Fanatismoak normalean ez dira hain onak.
Orain Bilbo, eta gero?
Gasteiz eta Donostia; eta gero, beste hamaika herri.
Ez omen datoz horretarako garai onak.
Hala diote. Hala ere, gu txiki hasi gara, eta batez ere, jendearen laguntza jaso dugu. Bestelako laguntza handirik ez dugu izan, eta aurrera goaz.
«Proiektu bat hasten ikustea altxorra da»
Gaztea da oraindik, baina gazte hasi zen telebistan lanean. Hernaniar peto-petoa da, baina orain Bilbo du bizileku eta lantoki Naroa Iturrik. Hamaika Telebistan ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu