Proposamenez lepo, santamañak Otxandion

Jaia lehertuko da bihar Otxandion; musika, dantza eta bertsoak nonahi izango dira hurrengo igandera arte

2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Bihar hasiko dira jaiak Otxandion (Bizkaia), eta hilaren 24ra bitartean egitarau oparoaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek, gustu guztietarako eskaintza zabala baitago.

Gazteek abiatuko dute festa, herriko plazan egingo duten bazkariarekin. Hasiera ofiziala, berriz, txupinazioak emango du. Aritz Otxandiano alkate ohiak botako du suziria, 21:00etan. Jaia lehertu bezain laster, danborrada abiatuko da herriko kaleetan zehar. Gauean, Su ta Gar eta Jare taldeen kontzertuak izango dira plazan.

Erromeriak luzatuko du gaua, Izargi taldearen eskutik; hala, parrandazale bat baino gehiago diana eta kalejirarekin topatuko da etxera bidean. Goizetik jarraituko du jaiak igandean, sokamuturra, kantu-jira eta herri kirolekin. Eguerdian, atseden hartzeko aukera izango da, eta ondoren, 19:45ean, Otxandioko Urduri dantza taldeak Plaza Dantzak ikuskizuna eskainiko du. Gauean, Lisker erromeriaren doinuek agurtuko dute eguna.

Astelehena izango da jaien egun handia, Santamaña eguna hain zuzen ere. Kalejiraren ostean, meza nagusia ospatuko da, Oihandi abesbatzaren parte hartzearekin. Goiz guztian musika eta dantza izango dira protagonista. Arratsaldean pilota partidak egongo dira, 17:30ean hasita. Pilota jokoa animatzeko bertsolariak izango dira: Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak egingo dituzte botillero lanak. Iluntzean, 19:45ean El Negro y el Flaco antzerki taldeak Charabia izeneko obra eskainiko dute. Iluntzean dantzaldia izango da, Luhartz taldearekin.

Hurrengo astean, gehiago

Datorren astean ere ekintza ugari izango dira, jaiei jarraipena emateko. Horrela, asteartean herriko haurren txanda izango da: zirkua, pailazoak, Txan Magoaren ikuskizuna eta jolasak izango dira, besteak beste. Larunbatean musika nagusituko da, parrandarako erritmoa berreskuratzeko. Igandean, Andikonako bonbardaketa oroitzeko ekitaldiaren ostean, Anje Duhalde eta Pantxoa eta Peiok musika emanaldia eskainiko dute. Agur Santa Marina abestiarekin bukatuko dira jaiak, hurrengo urtera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.