Donostia Sutan elkarteko kidea da Jexux Arrizabalaga (Donostia, 1947). 1813ko abuztuaren 31n benetan zer gertatu zen argitu nahian sortu zen elkartea, duela urtebete inguru, eta informazio hori herritarren artean zabaltzea da haren helburua. Ez dituzte gustuko militarrekin zerikusia duten ekitaldiak; Donostia Sutan-eko kideek biktimei eman nahi diete protagonismoa, eta, horretarako, beharrezkoa ikusten dute haiek jasan zutena azaleratzea. Hori dela eta, ez dute parte hartuko ostiraleko desfilean. Horren ordez, abuztuaren 31ko gertakariak azaltzeko antzezlan bat egingo dute Konstituzio plazan.
Nolatan sortu zenuten Donostia Sutan elkartea?
Elkartea sortu aurretik, duela hiru edo lau urte, gai honen inguruan hitzaldiak antolatzen hasi ginen batzuk, ikusten genuelako zegoen informazioa ez zela argia. Antonio Mendizabal psikiatra izan zen aitzindaria; urte asko daramatza abuztuaren 31n zer gertatu zen ikertzen. Egin ditugun ekintzetan, ikusi dugu jendeak interes handia duela. Hori ikusita, maiztasunez biltzen hasi ginen. Orain urtebete sortu genuen elkartea, eta blog bat ere sortu genuen informazioa zabaltzeko (donostia1813-2013.blogspot.com.es).
Elkarte honen bidez, guk jendeari hauxe azaldu nahi diogu: zer sarraski egin zuten, nork egin zuen, zergatik egin zuen eta zein ondorio izan zituen. Eta protagonismoa biktimek izatea nahi dugu, ez militarrek. Horretarako biltzen gara.
Zer gertatu zen argitzea da, hortaz, zuen asmoa. Urtebete honetan lortu duzue zerbait argitzea?
Artxiboetan begiratu ondoren, jakin dugu 1.600 lagun inguru hil zirela eta etxe guztiak erre zituztela. Eta gero eta seguruago gaude Espainiako armadako Castaños jeneralak eman zuela Donostia erretzeko agindua. Historia hori gutxika joan gara ikertzen, eta datu mordo bat bildu dugu: orduko biztanleen %90 euskaldunak zirela, 10.000 lagun inguru bizi zirela Donostian... Argazki hori orain arte ez da azaldu inon. Gehienbat ikerketa lana egiten dugu.
Oraindik argitu beharreko asko egongo da, ezta?
Gero eta material gehiago aurkitzen ari gara, eta artxibo asko daude ikertzeko oraindik. Izan ere, Donostiako sarraskiak Gipuzkoa osoan izan zuen eragina. Hortaz, Gipuzkoa osoko artxiboak aztertu behar dira. Informazio interesgarria ematen duten liburuak ere badaude, baina informazioa lortzeko dugun altxorrik handiena sarraski hura bizi zuten 79 lagunen testigantzek osatzen dute. Materiala badago, hortaz, eta guk instituzioei eskatzen diegu bekadunen bidez-edo material hori guztia argitaratzeko. Interpretazio zentro bat jartzea ere nahi dugu; diputazioak tartean sartu beharra dauka. Azken finean, guk ez dugu ezer militarrik nahi; guk informazioa zabaltzea nahi dugu. Ez dugu nahi 1963an Francok Urgullen jarri zuen moduko plaka bat, Donostian hainbat tropak borroka egin zutela eta hildakoak egon zirela dioena. Horrek ezertarako ez du balio.
Zer prestatu duzue aurtengo urteurrenerako?
Gaur arratsaldean, ibilbide gidatua egingo dugu Parte Zaharrean. Euskarazko ibilbidean, Josu Tellabidek emango ditu azalpenak, eta, gaztelaniaz, Iñaki Egaña historialariak. Ibilbideak amaitzean, denok elkartuko gara, eta garai hartako bertsoak abestuko ditugu, Kresala abesbatzarekin batera. Bihar, berriz, desfilea egingo dute urtero bezala hainbat elkartek. Guk ez dugu parte hartuko. Hortaz, desfilea eta kandela piztea amaitzen direnean, guk antzerki bat egingo dugu Konstituzio plazan. Garai hartako bizimodua, abuztuaren 31n gertatu zena eta ondoren etorri zena irudikatuko ditugu. Balkoiak ere erabiliko ditugu horretarako. Izan ere, 79 testigantza horiek garbi esaten dute militarrek emakume guztiak bortxatu zituztela, eta hori ere irudikatu nahi dugu. Amaitzean, denok dantza egingo dugu.
Antzerki horren bidez biktimei eman nahi diezue protagonismoa?
Bai, hori da. Herritarrek bizi zutena adierazi nahi dugu. Hori orain arte alde batera utzi da, baina, gure ustez, hori da garrantzitsuena. Diskurtso ofiziala beti berreraikuntzan oinarritu izan da, baina sarraskiaz eta donostiarrek jasan zutenaz ez da esaten ezer.
Datorren urtean beteko dira 200 urte sarraskia egin zutenetik. Ordurako zerbait prestatzen ari zarete?
Ideia asko ditugu. Besteak beste, datorren urterako, pastoral bat egin nahi dugu historia azaltzeko. Horretarako, dirua behar da, eta guk ez daukagu, baina saiatuko gara. Gainera, Batzar Nagusiei aldarrikapen bat egiteko eskatu nahi diegu, eta 1813ko biktima guztiei omenaldi bat egiteko, emakumeei batez ere, haiek sufritu baitzuten gehien.
Beste elkarteekin elkarlanean ari al zarete?
Irekita gaude, eta bilerak ere egin izan ditugu. Baina guk ez dugu parte hartuko historiaren aurka doazen aldarrikapen militarista zentzugabeetan. Gu horren kontra gaude, eta, modu onean bada ere, salatu egiten dugu. Horregatik ez dugu parte hartuko biharko desfilean. Jendeak informazioa jasotzea, pentsatzea eta eztabaidatzea nahi dugu, eta horren arabera erabaki dezatela zer egin. Baina ez zaigu gustatzen gauzak egite soilagatik egitea, polita izate hutsagatik; batzuei, nonbait, baioneta hartu eta tiroa botatzea gustatzen zaie. Beste elkarte batzuk ere atxiki zaizkio gure planteamenduari, eta aurten ez dira aterako desfilean.
Jexux Arrizabalaga. Donostia Sutan-eko kidea
«Protagonismoa biktimek izatea nahi dugu, ez militarrek»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu