Media Planning Group taldeak eginiko ikerketa baten arabera, 2004. urtean 64.398 iragarki eman zituzten ETB1en eta 121.553 ETB2n. Datu horietatik gora daude Kataluniako TV3 eta Galiziako TVG kateak (136.873 TVGn eta 142.240 TV3n). Espainiako kate nagusiek askoz iragarki gehiago eman zituzten iaz; hala, Antena3 izan zen iragarki gehien eman zuena (270.851).
ETBko merkataritza zuzendari Itziar Epalzak dioenez, urtebetean asko hazi da publizitatea. «2004an %20 hazi zen aurreko urtearekin alderatuta. Batez ere formatu edo egitura laburragoa duten iragarkiak eman izanak ekarri du igoera hori», azaldu du Epaltzak. 2005. urterako, aldiz, aurreikuspenak apalagoak dira. «2005erako egin dugun balioespena %7ko hazkundea da», adierazi du ETBko merkataritza zuzendariak.Publizitatearen arloa oso garrantzitsua da telebista kateen finantzaketan. Hori dela eta, ETBn hainbat ekimen jarri dituzte abian: «Txartelen bateragarritasuna aztertzea, tarte bakoitzaren eraginkortasun-kurbaren analisia egitea, kanpainak nori eman erabakitzeko zorrotz jokatzea eta iragarkiak ez beste formatu batzuk erabiltzea».
Iragarleen kezka
Iragarleen arabera, bestetik, publizitate bolumena gehiegizkoa da, eta horrek eraginkortasun txikia dakar. «2002. urtetik Espainiako kateetan emititutako publizitatea %40 hazi da eta ikusitakoa soilik %20», esan du Fernando Valdes Espainiako Iragarleen Elkarteko presidenteak. Ikus-entzule bakoitzak iaz 29 minutu pasa zituen egunean iragarkiak ikusten, emisio osoaren %13. «Gehiegizko publizitateak dakar kateek iragarkien %15-20kanpoan uztea edo ordu desegokietan jartzea» salatu du Valdesek.
Espainiako hiru kate nagusiei dagokienez, Antena3k emisio denboraren %3 eskaintzen dio autopromozioari eta %17 publizitateari. Tele5 katean %2,9 da autopromozioa eta %19,5 publizitatea. Eta TVE1 katean %2,8 autopromozioa eta %17,1 publizitatea. Ehuneko horiek gutxi aldatu dira azkeneko urtean, baina dezente hazi dira kate autonomikoetan.Media Planing-en ikerketaren arabera, publizitate inbertsioak %16 hazi ziren iaz Espainian eta 2.600 miloi euroko marka historikoa ezarri zuten. Prentsan inbertsioak %5,9 hazi zirela dio beste ikerketa batek.
PUBLIZITATEA . %20 hazi da urtebetean ETBn
«Kontsumitzailearen gutxiespena» handitu dela salatu dute iragarle elkarteetako ordezkariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu