KOMUNIKAZIOA

Radio Euskadik aurrea hartu dio SER irratiari astegunetan, EGMren arabera

EITBko gaztelaniazko irratiak 186.000 entzule ditu aste barruan, duela urtebete baino 35.000 gehiago

urtzi urkizu
Donostia
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Radio Euskadik aurrea hartu dio SER kateari astegunetan, EGMk egindako urteko azken neurketaren arabera. Nabarmentzeko datua da, oso gutxitan gertatu baita Radio Euskadi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gehien entzuten den irratia bihurtzea. Astelehenetik ostiralera, Radio Euskadik 186.000 entzule izan ditu, iaz garai berean baino 35.000 entzule gehiago. Astelehenetik igandera bitarteko datua txikiagoa da: 160.000 entzule. SERek behera egin du, urtebetean 38.000 entzule galduz: 181.000 entzule ditu astegunetan. Astelehenetik igandera bitarteko datuetan, berriz, Radio Euskaditik gora dago SER: 199.000 entzule.

«Eragin esparruan» deitutakoan, 201.000 entzulerengana iristen da Radio Euskadi astegunetan.

Euskadi Irratia eta Gaztea gora

Euskadi Irratiak datu onak izan ditu. Astegunetan 72.000 entzule izan ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 89.000 entzule bildu ditu Hego Euskal Herrian, iaz neurketa berean baino lau mila gehiago. 2010eko aurreko bi neurketetan baino hobeto ibili da Euskadi Irratia; aurrenekoan 60.000 entzule izan zituen, eta bigarrenean 68.000.

Gaztea ere indartsu dabil, bere datu onenen pare: 96.000 lagunek entzuten dute egunero euskarazko irrati formula Hego Euskal Herrian -horietatik 85.000 EAEn-. Irrati formulen artean, 40 Principales da entzule gehien dituena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 146.000, astegunetan.

Paco Gonzalez fin COPEn

Espainiako irratigintzan, SERek behera egin du, eta COPEk, gora, kirol taldeko esatariak batetik bestera joan ostean. Asteburuetako kirol tartean, SERek %18,9 egin du behera, eta COPE %116 hazi da. Hala eta guztiz ere, SEReko Carrusel Deportivo entzuten da gehien igandeetan: 1.718.000 entzule. Paco Gonzalezek eta Pepe Domingo Castañok COPEn 890.000 entzule lortu dituzte.SERek, edonola ere, guztira milioi erdi entzule galdu ditu.

Egunkariei dagokienez, azken urtean El País-ek 157.000 irakurle galdu ditu, eta El Mundo-k 27.000. Kataluniako El Periódico de Catalunya eta La Vanguardia egunkariek gora egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.