Nafarroa iparraldeko Bortziriak ibarreko herria da Arantza. Mendi zirku batez inguratua, ibarraren erdian dago herria. Zirkuaren mendi magaletan lau auzo daude, eta 120 baserritan bizi dira hango 670 biztanleak. Gaur, ordea, inguruko herrietako jende mordoa bilduko da Arantzako plazan egingo duten rock jaialdian.
Zea Mays, Itziarren Semeak, Laket eta Sutan taldeek joko dute aurtengo jaialdian.
Zea Mays taldea Bilbon sortu zen, 1997. urtean. Urte horretan bertan Gazteako maketa lehiaketa irabazi zuten, eta hurrengo urtean Bilboko pop-rock lehiaketan talde euskaldun onenaren saria irabazi zuten. Sei disko argitaratu dituzte. Gainera, aurten Aiora Renteria abeslariaren taldeak oihartzun handia izan du, Negua joan da ta bideoklipari esker.
Itziarren Semeak ska taldea 2006an sortu zen, Mungian. 2008. urtean grabatu zuten euren aurreneko diskoa (Itziarren Semeak), eta ondotik etorri dira Bizkaiko Golfoak eta Lehen lerroan lanak.
Laket taldeko trikitiarekin, Arantzara joaten direnak dantzan jarriko dira. Eta, Doneztebetik, Sutan taldeko gazteak iritsiko dira, gogo biziz.
ZEA MAYS, ITZIARREN SEMEAK, LAKET, SUTAN
Non. Arantzako plazan (Nafarroa).
Noiz. Gaur, 22:30ean.
Rock jaialdi oparoa Arantzan
Zea Mays, Itziarren Semeak, Laket eta Sutan taldeek Arantza Rock 2011 jaialdian joko dute gaur gauean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu