Ezarian. Neguko elikadura

Sabelerainoko hotza

Babak, saldak, infusioak... Elikadura izan liteke hotzean beroxeago egoten saiatzeko modu bat, eta baita neguan izaten diren eritasunei hobeki aurre egiteko tresna ere.

Inigo Astiz
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Kanpoan hotz denean, gutxienez barruak bero izatea komeni. Gorputzak plater beroak eskatzen ditu. Ez da kasualitatea. Eskutik doaz tenperatura eta elikadura. Giza gorputzak 36 bat graduko tenperatura behar du beti martxan jarraitu ahal izateko, eta neguan energia gehiago gastatu behar izaten du horretarako. Kanpoko hotzak izaten du eraginik barruan, eta horregatik komeni da otorduak gehiago zaintzea. Osasuntsu mantendu ahal izateko, osasuntsu jatea. Hotz egiten duenetan ere, sabelerainoko hotzik egin ez dezan.

«Gorputz bakoitza mundu bat da, baina nahiko orokorra da hotz egiten duenean janari beroak hartzeko gogoa. Saldak, infusioak, babak, eltzekariak... Gehiago jaten dira halakoak hotz egiten duenetan, eta lagundu egiten dute gorputzaren berotasuna mantentzen, neurri batean. Prestatu egiten dute gorputza hotzari aurre egiteko». Arantza Lorenzo nutrizionistaren hitzak dira. Berotasun gose hori ez da kutixia soila, dioenez. «Gorputzak eskatu egiten du, eta baita eskertu ere».

Tradizioz hori da ohitura. Neguak hotzetik jo ahala, sendotik jotzen dute otorduek. «Betiko tradizioek badute jakinduria metatu bat», dio Lorenzok. «Gerta daiteke, noski, ohitura bat osasungarria ez izatea, baina, hala ere, esperientzia bat badute oinarrian. Aztertu egin behar dira beti, baina ez dira kaltegarriak izaten». Izan liteke abiapuntu bat.

Modek duten garrantzia ez da txikia, Lorenzok dioenez. Elikaduraren inguruan nahikoa saltsa badago, eta tentuz aritu behar dela dio; itsutu gabe. «Egunero jaten dugu, eta kezka pizten du, horregatik, elikadurak. Zientziaz jantzitako esamesa asko izaten da haren inguruan, nik ez diet kasu handirik egiten, batez ere iturria ongi ezagutzen ez baduteta oso fidagarria ez bada. Ikerketa serioak ere badaude, eta emaitza horiez fida gaitezke. Oso garrantzitsua da, ordea, informazioa ongi filtratzea. Dieta berezi mordoa ateratzen da hainbatean behin, eta inori ongi joango zitzaizkion, beharbada, baina hori ez da ikerketa bat».

Defentsak indartzen

Defentsa naturalak makaldu egiten dira neguan, Lorenzok azaldu duenez. «Ahulago egoten da gure immunitate sistema, baina indartu egin dezakegu, eta elikadura izan liteke ahultze horri aurre egiteko moduetako bat». Dieta pertsona bakoitzaren arabera moldatu beharko balitzateke ere, ideia orokor batzuk proposatzen ditu Lorenzok. Jertse sendoagoak jartzen ditugun bezala, zaindu egin ditzakegu otorduak ere. Garrantzi berezia izan dezake elikadura zaintzea jende zaharraren, osasun arazoren bat daukatenen edo arnas aparatuko arazoren bat dutenen kasuan. Nabarmenagoa izan liteke indartze neurrien eragina. Sabela bero lehenik, eta gero gerokoak.

Barazkiak eta frutak jatea komeni dela dio Lorenzok. Egunean gutxienez bost barazki edo fruta anoa jatea komeni dela, bitaminek eta mineralek lagundu egiten baitute babes sistema indartsu mantentzen. Zitrikoek, adibidez, C bitamina, A probitamina eta azido foliko asko daukate, eta horregatik gomendatzen du egunean jaten den fruta anoetariko bat zitrikoen taldekoa izatea.

Esaera zaharrak dioenez, ez da kontu makala baratxuria baino finagoa izatea. Eta ez da alferreko lotura. Izan ere, antibiotiko naturala da baratxuria. Horregatik komeni da otordu guztietan erabiltzea, Lorenzok azaldu duenez. Barazki, entsalada, arroza edo arrautza prestatu, baratxuria gehituz gero, osoagoa izango da beti platera. Tipulak ere lagundu egiten du arnas aparatuko infekzioei aurre egiten. Jogurta eta gisakoak eta eztia ere lagungarri izan litezke, eta baita, besteak beste, moluskuetan dagoen zinka eta fruitu lehorretan dagoen manganesoa eta kobrea.

«Eztia, erregina jelea eta landare sendagarriak oso osagarri ona dira immunitate sistema indartuko duen elikadura aberasteko», azaldu du Lorenzok. Ez da formula magikoa, ordea. «Elikadura osasungarria izan arren, eta hotzaren kontra gure osasuna mantentzeko ahalegin hori egin arren ere, horrek ez du esan nahi gaixotuko ez garenik». Lagundu dezake, ordea, gaixotasunei aurre egiteko indartsuago egoten.

Dietak alaitzea

Sasoika doa elikadurarekiko kezka, Lorenzok dioenez. Zimeldu eta loratu. Umoretsu azaltzen ditu zikloak. «Neguan defentsa sistemak nola hobetu izaten da kezka nagusia, eta udaberrian beste kezka bat hasten da: kiloak galtzea. Mareatzeko beste dieta eta informazio dago jendearen eskura». Horregatik neurriz jokatu behar dela dio. Baita dietak aukeratzerakoan ere.

Osasunarentzat ona denak ez du zertan ahoarentzat txarra izan. Hori da Lorenzok aldarrikatzen duena. Dietak alaitzearen alde mintzo da. Hain zuzen ere, horri buruzko liburu bat kaleratuko du udaberri inguruan. «Elikadura orekatuak ez du zertan aspergarria izan. Barazkiekin errezeta goxo pila bat egin daitezke, zeinek bitamina pila bat emaneta geure burua zaintzeko balio duten. Osasuna eta zaporea ez daude elkarrekin borrokan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.