2009tik, Salburuan saguzarrentzako kaxak ezarri zituztenetik, urtero berrikusi eta aztertu ditu babeslekuak Juan Tomas Alcalde biologoak. Parkeko bioaniztasuna zaintzeko saguzarrak «ezinbestekoak» direla dio, ekosistemari mesede handia egiten baitiote. Animaliok dituzten arriskuei buruz jardun du.
Zein ekarpen egiten diote saguzarrek ekosistemari?
Europako saguzar gehienak intsektujaleak dira. Espeziearen arabera, intsektu batzuk edo beste batzuk jaten dituzte. Beste batzuek, ordea, gehien dauden intsektuak jaten dituzte, inongo bereizketarik egin gabe. Intsektu batzuk izugarri ugaritu daitezke baldintza jakin batzuetan. Saguzarrek intsektuen kopurua kontrolatzen laguntzen dute.
Zeintzuk dira animalia hauentzat arrisku handienak?
Nekazaritzan erabiltzen diren intsektiziden erabilera eta egurraren babeserako erabiltzen diren produktuek saguzar askoren heriotza eragiten dute. Bestalde, paisaiaren eraldaketak asko zailtzen du animalia horien egunerokoa. Azkenik, gizakiaren eragozpenak daude. Hor sartuko genituzke espeleologia eta etxeen eta elizen zaharberritzeak. Horrez gain, gure kulturan duten ospe txarrak kalte handia egin die saguzarrei, askotan jendeak eraso egin baitie.
Zein egoeratan daude saguzarrak Euskal Herrian?
Hainbat espezie oso ohikoak dira. Adibidez, kuhl pipistreloa eta pipistrellus pygmaeus espezieak. Ikusten ditugun saguzar gehienak espezie horietakoak dira. Teilatupean edo etxeetako zirrikituetan bizi dira. Hemen aurki daitezkeen saguzarren %95 inguru dira. Badago beste talde bat, eta horiek ikusten oso zailak dira. Horiek, bai, arriskuan daude. Beste era batera esatearren, arrakaletan bizi diren saguzarrak gizakien eraikinetara moldatu dira eta ez da batere arraroa ikustea. Haitzuloetan eta zuhaitzetan babesten direnak, berriz, zailagoak dira ikusten. Batez ere, haitzuloetakoak. Bizi daitezkeen haitzulo lasaiak gero eta urriagoak dira, espeologiaren eraginez.
Juan Tomas Alcalde. Biologia Zientzietako doktorea
«Saguzarrei kalte egin die gure kulturan duten ospe txarrak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu