Mende bat igaro da Akira Kurosawa zinemagile japoniarra jaio zenetik. Urteurrena ospatzen ari da nazioartea aurten, XX. mendeko japoniar zinemaren erreferenterik garrantzitsuenetakoa izan zena gogoratuz. Bilboko Alondegiak ere bat egin du ospakizunarekin, eta egunotan horma irudiak, diseinuak, jantziak, filmetako zatiak... ikus daitezke hor, Samuraien begirada: Akira Kurosawaren marrazkiak izeneko erakusketan. Izan ere, Kurosawa margolari hasi zen, hori izan zuen nerabezaroko bokazioa, eta beranduago margotzeari uko egin bazion ere, irudi piktorikoa etengabe agertu da haren filmetan.
Margolari izateko nahia zuen Kurosawak, baina ez zuen arte ederretan beharrezko maila erakutsi. Yamamotorekin lanean arituz sartu zen zinema munduan, laguntzaile edo gidoigile gisa, eta orduan ikusi zuen lehenengoz bere burua zinema zuzendari gisa. Hala egin zuen: 31 maisulan egin zituen, mundu zabalean ezagun egin zirenak asko. 50eko hamarkada izan zen Kurosawarentzat garairik oparoena; Veneziako zinemaldiko saria irabazteaz gain, Rashomon filmari esker nazioarteko ospea lortu baitzuen haren lanak: unibertsal bilakatu zen. Garai hartan, bere herrialdean zinema ekoizteko arazoak zituen, eta Kurosawa, nerabezaroko bokazioa berreskuratuz, berriro ere margotzen hasi zen. 2.000 storyboard baino gehiago irudikatu zituen, hau da, filmatu baino lehen egiten diren gidoi grafikoak.
Irudiak, literatura eta zinema
120 storyboard original lehenengo aldiz ikusi ahal dira Euskal Herrian, Alondegiko erakusketan. Hain zuzen ere, Ran, Akira Kurosawaren ametsak; Kagemusha, gerlariaren itzala; Rapsodia abuztuan, itxaron apur bat; eta Begiratzen digun itsasoa filmetako storyboard-ak. Gainera, Ran filmatzean erabilitako arropa ere erakusketan dago; Emi Wada jostunak Oscar saria irabazi zuen arropa horiei esker. Kurosawaren 25 pelikularen kartel originalak ere ikusgai dira Alondegian.
Ikus-entzunezkoez ere goza daiteke erakusketan. Hain zuzen ere, Kurosawaren lanak zinematografian izan duen eragina ikusi ahal izango du bisitariak horien bitartez: besteak beste, George Lucasen Galaxietako gerra edo Quentin Tarantinoren Kill Bill pelikuletan zuzendari japoniarrari egindako aipamen edo egokitzapenak. Bestalde, erakusketako pantailen bitartez, Kurosawaren lanak pinturarekin zenbateko lotura duen agerian uzten da.
Erakusketa HoriPro Inc., Asia Etxea eta Japan Foundation elkarteen lankidetzarekin antolatu da. Zuzendari japoniarraren lanarekin zerikusia duten beste ekintza batzuk ere antolatu ditu Bilboko Alondegiak: umeentzako kultura japoniarreko tailerrak, gai japoniarreko filmen proiekzioa, hitzaldiak... Hizlarien artean, Andres Exposito, Carlos Gimenez eta Jordi Puigdomech izango dira, zuzendari japoniarraren lanean adituak; eta baita Isabel Coixet zinema zuzendaria eta japoniar kulturaren zale amorratua.
Hasieran, Kurosawaren zinemaren estetikak estatismo puntu bat zuen, zen budismoaren eraginekoa. Ondoren, Shakespeare eta Europako tradizio epikoaren eraginez, gerra epikoen dinamismoa hartu zuen. Azkenean, modu estatiko eta plastikoan islatu zituen berriz ere bere irudiak, modu dinamikoan pantailaratzeko.
Estilo berezia zuen Kurosawak. Samuraien gaiak lantzen bazituen ere, maitasuna zen beti istorioetako hari nagusia. Agian, horrek egin zuen haren lana erakargarri, maitasuna samuraienedota gai japoniarren bitartez lantzeak.
Mendebaldeko eta Ekialdeko kulturak unibertsaltzat ikusten zuen artearen inguruan lotzea lortu zuen; zinemaren inguruan, hain zuzen.
ERAKUSKETA
Zer. Samuraien begirada: Akira Kurosawaren marrazkiak.
Noiz. Urtarrilaren 30era bitartean.
Non. Bilboko Alondegian.
Samuraiaren begirada
Akira Kurosawa zinema zuzendari japoniarraren lana da ikus daiteke egunotan Bilboko Alondegian. Bisitaria haren filmen sortze prozesuan eta erabilitako pintura eta literatura erreferentzietan murgildu ahalko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu