Asteburuko proposamenak

San Anton egunerako beroketak

San Anton jaien harira, ekitaldi ugari antolatu dituzte bihartik aurrera Getarian, Elgoibarren eta Mungian

San Anton eguna iritsi aurretik ere izango dute non ondo pasatu Getarian, Elgoibarren eta Mungian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
San Anton eguna datorren asteartean ospatuko badute ere, bihartik hasita ekitaldi ugaritan parte hartzeko aukera izango da Getarian eta Elgoibarren (Gipuzkoa), baita Mungian ere (Bizkaia).

Asteartea izango da, zalantzarik gabe, egun desiratua hiru herri horietan, baina egun handirako berotze ariketak egiten has daitezke bihartik aurrera. Getarian Getaria Gpuntua bertso saioa egingo dute bihar, 22:00etan, frontoian. Aitor Sarriegi Gipuzkoako txapelduna, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Agin Rezola eta Jexux Mari Irazu igoko dira taula gainera. Igandean San Anton zaldi lasterketa egingo dute, 13:00etan, Malkorbe hondartzan.

Astelehen arratsaldean txokolatea banatuko dute. Jarraian, erraldoi eta buruhandien kalejira egingo dute, Getariako musika eskolako trikitilarien doinuen laguntzarekin. 22:30ean, Joxe Mendizabalekin erromeria izango da.

San Anton egunean, asteartean, Harritarten azoka zabalduko dute. 12:15ean, txakolinaren uzta berria dastatzeko aukera izango da. Hurrengo asteburuan ere festaz gozatu ahal izango dute getariarrek.

Elgoibarren, larunbatean zigilu erakusketa egingo dute, ikastolaren 50. urteurrenaren karietara. Igandean, Eibarko Sotoa abesbatzak kontzertua emango du, 12:30ean. Asteartean, San Anton kontzertua eskainiko dute Herriko Antzokian, 12:30ean.

Mungian, Su Ta Gar taldeak kontzertua emango du ostiral iluntzean, 21:00etan. Larunbat eguerdian herri kirolak egingo dituzte, eta, 20:00etan, Xabier Leteri Omenaldia kontzertuaz gozatu ahalko da, Olalde aretoan.

Igandea etxetik kanpo bazkaltzeko egun aproposa izango dute mungiarrek, Euskal Herriko bigarren indaba txapelketa egingo baitute. Indabak lapikoan prestatu eta hoberenak zeintzuk diren aukeratu ondoren, bazkaria egingo dute. Asteazkenean, berriz, San Antontxu ospatu, eta azoka nagusia egingo dute. Baserriko produktu naturalak erosi ahalko dira.

SAN ANTON JAIAK

Non. Getarian, Elgoibarren eta Mungian.

Noiz. Bihar hasi eta hurrengo asteburura arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.