Txuriak eta goxoak. Halakoak dira San Blas eguneko gozokiak. Hori dute bereizgarria eta bada nahiko arrazoi ospakizunerako, baina beste hamaika ekitaldi ere izaten dira sanblasetan Euskal Herriko txoko askotan. Festa eguna izaten da batzuetan, eta azoka eguna beste askotan. Eibarren, Soraluzen eta Elgoibarren (Gipuzkoa), adibidez, baina Abadiñon (Bizkaia) egiten direnak izaten dira sonatuenak.
Aste honetan izan dute aurrerapen gisako ekitaldirik, baina azoka egun handia izango da Abadiñon biharkoa. 250 abelburu baino gehiago izango dira ikusgai: behi, zaldi, asto eta ardi. Musika, haurrentzako jolasak eta bertsolariak ere izango dira. Xabier Amuriza, Garikoitz Sarriugarte eta Eñaut Uruburu hain zuzen ere.
Idi probak ere egingo dituzte, 22:00etatik aurrera. Gerediaga elkarteak, gainera, azokaren azken ehun urteetako historia biltzen duen liburu bat ere prestatu du aurten. Argazki zaharrak eta inguruko idazleek idatzitako testuak ere baditu bildumak.
Eztarriko minen aurka
Eztarriko gaitzak sendatzen omen ditu San Blasek. Hori da, behintzat, sinesmena, eta dohain horrekin lotuta dago lepoan koloretako zintak lotzeko ohitura ezaguna. Bederatzi egun pasatu eta gero soka askatu eta errez gero, urtebeterako eztarriko minen aurkako babesa izaten omen du jendeak. Hori da Euskal Herriko hamaika herritan tradizioa, bederen, eta oraindik ere baditu jarraitzaileak fedetik zientziatik baino gehiago duen arren.
SAN BLAS AZOKA
Non. Abadiño (Bizkaia).
Noiz. Bihar.
Zer. Herri kirolak, abere azoka, musika, bertsolariak...
Asteburuko proposamenak
San Blas eguneko azoka eta gozotasuna
AbadiñoHamaika txokotan ospatuko dira sanblasak, eta azoka handia izango dute bihar Abadiñon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu