Ostiralean ekin zioten festari aramaioarrek, eta bihar arte jai giroa nagusituko da herriko kaleetan. San Martin jaietan ez du inork aspertzerik izango, Aramaioko (Araba) jai batzordeak udalarekin elkarlanean prestatutako egitarauak eskaintza zabala egin baitie herritarrei. Duela hilabete batzuk egitaraua gorpuzteko lanari «ilusioz» ekin ziotela adierazi dute antolatzaileek, eta eskerrak eman dizkietejaietarako lan egin duten eta egingo duten banakoei zein talde guztiei.
Txupinazo berezia izan dute aurtengo sanmartinek. Izan ere, Aramaioko dendetan urte luzez lanean aritu eta jada erretiratu diren emakumeak izan ziren jaietako pregoilariak. Aramaio herri txikia izanik, denda gutxi daude, eta, «kasualitatez edo, dendari guztiak emakumezkoak zirela ohartu ginen», azaldu du Lierni Altuna Kultura zinegotziak. Festari hasiera emateko, «bizitza osoan» herriko komertzioetako ardura hartu duten emakumeek pregoia irakurri eta suziria bota zuten herenegun. Hala, «saltokiak aurrera ateratzeko egindako ezkutuko lana» goraipatu nahi izan du jai batzordeak.
Jaietarako egutegi «txukuna» prestatu dute, Altunaren esanetan. Azpimarratu du egitarauari «nortasuna eta xarma» ematen diola herriko talde zein eragile ezberdinen parte hartzeak: Trikitixa eskolak, Gazte Asanbladak, Txirritola euskara elkarteak, Lagun Artea dantza taldeak… «Herriak herriarentzat» antolatutako jaiak direla erakusten du horrek», Kultura zinegotziaren arabera.
Willis Drummond, Lisabo eta Itziarren Semeak musika taldeek estreinatu zuten txosnen gunea, eta inguruko herrietako jendea erakarri zuten Aramaiora. Atzo, berriz, patata-tortilla txapelketa egin zuten herriko gazteek, eta aparteko punk-rock kontzertuekin eman amaitu zuten eguna, El Exterminio de la Raza del Mono,Arkada Social eta La Banda del Abuelo taldeek.
Biharamun eguna da gaur askorentzat. Horregatik, ohetik jaiki ezinean dabiltzanak altxaraziko dituzte herriko txistulariek goizeko hamarretan, arratsaldean herri kiroletan astindu ditzaten gorputzak. Meza ere egongo da goizean, Bizente Goikoetxea abesbatzarekin. Etxeko txikienek ere izango dute gozatzerik, haientzako jolasak prestatu baitituzte arratsalde partean. Haize Duntzali Dantza Taldearen ikuskizuna izango da iluntzean, eta ondoren, Aramaio zaborrarik gabe proiektua aurkeztuko dute elizako eskaileretan.
Bihar amaituko dira sanmartinak. Haurrentzako jolasak, Hipo eta Tomasen hitzaldiak, kuadrilla arteko pike-ak eta Arrasateko musika ikuskizunak beteko dute eguna. Jaiak behar bezala agurtzeko, herri afaria ospatuko dute herriko plazan eta azkenik, Urrezko Gibela banatuko dute, Aramaioko parrandazale onarentzat saria.
Ziztadarekin bat eginez
Erlauntza batek irudikatzen ditu aurten Aramaioko San Martin jaiak. Mikel Ruiz de Azuagazteak egin du jaietako kartelkoloretsu eta deigarria, berakirabazi baitu San Martin jaietako kartel lehiaketa, laugarrenez.
Erlauntza irudikatuta, egun bakoitzeko ekitaldi bat nabarmendu nahi izan du. Mugitu, ziztatu eta gozatu! aukeratu du aurtengo jaietako lema gisa. Irabazleak nabarmendu du BERRIA egunkariaren Eman zure ziztada egitasmoa izan duela inspirazio iturri: «Irudi hori oinarri hartuta, kartela irudikatzen hasi nintzen eta erlauntzeko etxe edo hexagono bakoitzean Aramaioko jaietako egun bat irudikatzeko ideia etorri zitzaidan», adierazi du. Horren bidez, herriko jaietan parte hartzera animatu nahi izan ditu aramaioar guztiak, «erleek duten bizitasuna» nagusitu dadin sanmartinetan.
Ruiz de Azuak ez du herriko jaietan egoterik izan azken hiru urteotan, eta, beraz, aurten «gogoz eta ilusioz» hartuko dituela aitortu du, lagun artean ederto pasatzeko desiatzen baitago. San Martin jaietako zapia janzten duten festazaleek, leloa ere soinean eramango dute, eta, horregatik, oso pozik agertu da Ruiz de Azua: «Ohorea da niretzat».
Zapiak salgai egongo dira herriko tabernetan, astelehenean ospatuko den herri afarirako txartelekin batera.
Jaiak. Sanmartinak Aramaion
San Martin jaietan aspertzeko betarik ez da izango bihar arte
Gaur, haurrentzako jolasak eta dantza ikuskizuna izango dira, eta, bihar, herri afari batekin amaituko dituzte jaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu