Sangria izerditan

Nora Arbelbide Lete.
2010eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Bad boy. Gaueko ilunak norberaren alde iluna askatzeko deia egiten du Pannecau karrikako sarrerak, Errobiri begira dagoenak. Umore horren hartzaile denari gomita egiten dion alde iluna, dudakor jartzen denari, berriz, hortik lekutzea hobe duela abisatzen diona. Pannecau Baiona Ttipiko bizkarrezurra da, pasagune nagusia. Ondoan daukan Sokadunen karrika ere giro berdintsuan dauka. Eta bien arteko adarretan, izerdi bera. Sangriarena. Bertan nagusi den edaria.

Hori bai, aurtengo bestetan karrika umezurtz dago. San Andresi begira dagoen puntan, hetsia da Cafe Salud. Haren nagusi gaztea joan den asteburuan hil zen bihotzekoak eramanik. Ostatua hetsirik atxiki dute, nola bestela. Hutsune handia utzi dute. Azkar sentitzen dena, murru gainean idatzi elkartasunezko mezuek ezin betea.

Bestaldean, aldiz, jendea trumilka. Ostatuek jarri kanpoko ostatuetan metatzen diren bestazaleek karrika itotzen dute. Hortik pasa behar duenak, beraz, hobe desafioa dantza bat balitz bezala hartzea. Tinki-tinki, bata bestearen gibeletik. Batzuek, lagunak ez galtzeko, zintaz zinta lotzen dute elkar, besteek egiazko sokak dituzte lokarri. «Hiru urteko esperientzia!», dio sokaz lotu gazte batek. Gers eskualdetik heldu den gaztea uros da: «Baionako bestak alimalekoak dira!». Zergatik alimalekoak? «Frantziako besta hoberenak direlako!». Eta zergatik hoberenak? Horren erantzun, dilindan dagoen irria.

Egun osoan aski lasaiki hasi eta gaua heltzearekin lehertzen dira Pannecau eta bazterrak. Gaueko banpiroek, banaz beste, hogei bat urte dituzte. Lehen bestak, lehen gaupasak, lehen mozkorrak.

Helburu sinpleak. Lagunekin memento goxoak pasa, musukatu, irri egin, jostetan aritu, zozokeriak egin, ahal bezainbat oroitzapen ekarri etxera. Lagunen arteko elezaharra sortu.

Eta, horretarako, gauza anitz egiteko prest dira. Lehen legea, dezibel kopurua handitzearena. Bestazale metatuen odoletan alkohol kopurua igan arau, oihuka aritzeko gogoa ere igaiten da. Bestarako lege bat. Garrasi bat, besterik gabe. Anonimo batek botatzen duena. Eta hortik beste bat eta beste bat, eta ohartu gabean karrika osoa oihuka hasia da. Beste joko bat, zerbaiten gainera igaitea da. Hor ere, beti eta gorago, eta plazera araberan ere goititzen dela dirudi. Batzuek lagunen gorputzak erabiliz, besteek bide seinale, zikinontzi edo bazterretako teilatu hodiak. Hirietako langileak zutoin guztien kentzen ahalegintzen dira, baina gaueko bestazale finak abilezia handia dauka beti zerbaiten aurkitzeko.

Behin, dena delako hori igan eta harro dago bestazalea, lagunei so. Orduan, beherean gelditu direnek dute jokoa hasten. Aurkitzen dituzten baso eta botila huts guztiak botatzen dizkie, ahal bezain guti iraun dezan gai hartan. Memento horretan hobe lekutzea, alboko kalteen biktima bat bilakatzeko arriskua baita.

Pannecau izenak, gaskoiez, ogi beroa erran nahi badu, hemen, ogi beroa baino bada besterik berotua denik. Jokoari piper pixka bat gehitzeko, zutoin gainetako streaptease saio inprobisatuak lekuko ohidura bihurtzen ari baitira. Eta ez dute lan erraza. Biluztu eta aldi berean ez erori, ez da denei emana. Hori bai, ikusi guztiak, mutikoak. Eta ikusi, horiek ez dira erori. Zailtasunak zailtasun, lortzen dutenek, orduan, gailurra hunkitzen dute. Zer poza, bai poza. Beherera jaitsi eta hamaika besarkada. Baionako errege.

Ahantzi ezinak diren oroitzapenak. Goizean, botila hutsak, baso metatuak, alkohol arrastoak, pixa usainak, goitiko eta gainerateko lekukoak garbitzen dituzten garbitzaileek ezin dituztenak ezabatu. Oroitzapenak, horiek, beti garbiak. Nunquam polluta Baiona, bere leloak dioenez. Ezin zikindua da. Gauero zikinduak goizero garbiketa ordu andana bat galdetzen badu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.