Maratila

Santa Katalina eta…

Lucien Etxezaharreta.
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Heletako Feria aipatua gogoan zela eta hara lagun batek gogorazten duela azaroaren 25a Nazioarteko egun bat dela, emakumeek jasan bortizkerien aurkakoa. Arazoa hain larria delarik, egia erran, ez du horrek halako aipamenik. Iturriak eta errealitateak, zorigaitzez, maiz aipatzen dira, baina aterabide gutxi bultzatuz. Urrutik datorren ekintza da, aktualitateak maiz erakusten diguna, azkenetako bat emakume kazetari frantziar batek jasana Kairon, berak zuzenean aipatuz, begitarte askori bota duena.

Berdin bi alderdi aipa daitezke, erlisioak, uste genuelarik hori aspaldiko kontua zela, bisian bis jartzen dizkigunak. Baionan behintzat neska beretterrik ez da gehiago: elizako zerbitzua debekatzen zaie azken urte hauetan, Aillet apezpikua etorri geroztik. Jakin denaz leku segurretik, neska gazte horietarik batek utzi ditu elizaren bideak: hordago txarra zitekeen. «Bekaturik gabe kontzebiturik» ez baita Maria saindua baizik, beste guztiek jasan bezate Jainkoaren bekaizgo eta mendekua! Ironia zerbaitekin —posible dea beste jarrerarik?—, Eñaut Etxamendik bere liburu berrian asmatzen du hemengo batek Afganistaneko mula bati idatzi gutuna: erraz ulertzen duela burkaren beharra, bekatutik gizonak babesteko... alabaina hemen, ez hain aspaldi bagenituen gure mantelina, manteleta, kaputxa eta beste! Burukoa ahaztu gabe, etimologista zintzo batzuek azpimarra lezaketen bezala, burka hitzaren auzo.

Badira bai historiaren aztarnak, iraganetik nekez kendu jarrerak, baina orduak jo du ere, biharko mundu aske baten eraikitzeko, bakoitzaren errespetu eta elkartasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.