Festak piztu direnetik, pasatu dira egun batzuk Ermuan, eta herrikideak ohitu dira dagoeneko kalejirek eta jai giroak oro har ekartzen duten xarma horretara. Gaur, herri kirolen ikuskizun handi bat izango da, esate baterako; 12:30ean, harri jasotzen ariko dira Goenatxo II.a, Iñaki Perurena eta Jesus Urrutia Delioso. Aizkolariak, Iparraldeko jokoak eta gazteen arteko txapelketa ere izango dira Orbe Kardinalaren plazan.
Kalejira ez da faltako eguna berotuz joateko, eta bazkalostean zenbait pilota partida izango dira Aritzmendin. Partida nagusian, Xala-Laskurain ariko dira Titin II.a-Merino II.aren aurka.
Dantzak aparteko lekua izango du, dena den, afaldu aurreko astian. Erraldoi eta buruhandien kalejiraren ondoren, Larrain dantza dantzatuko du nahi duen orok, plazan. 20:00etan hasiko da herri dantza. Haren ondotik, Afaltazaindiak taldeak antolatuta, Euskararen aldeko topaketa-konpromiso ekitaldia egingo dute.
Karinaren kontzertua
Hainbat talderen musika jaialdiak, Elegants taldearen Cabaret Elegance kale ikuskizunak eta Diamante Showren dantzaldiak atonduko dute gaua. Hura nahi beste luzatu ahal izango du jendeak, goizean goiz txokolate jana izango baitu zain.
Bihar eta etzi ez dira desberdinak izango. Jaia ez da geratuko ostiral gauera arte. Etziko gaua Karina abeslariaren doinuez jantziko da. Festaren azken ekitaldia izango da, egitarau ofizialean bederen. Hura iritsi arte, ordea, sokamuturra, alboka musika, Ermuan Kantuan kalejira, txarangak, Larrain datza —berriro ere— eta beste hainbat eta hainbat ekitaldi izango dira, santixauek merezi bezala.
Jaiak. Ermua
Santiagok Ermuko atea jo du
Santixauetan buru-belarri dabil herria; ostiralera arte, musika, dantza, herri kirolak... dena nahastuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu