Azken txanpan sartu dira Ermuko santixauak, bihar bukatuko baitira aurtengo festak. Jaiak, ordea, ez du etenik, eta ekitaldi ugari geratzen dira festak agurtu aurretik. Gozo ukituarekin, txokolate janez hasiko dute gaurko eguna, Orbe Kardinalaren plazan, 07:00etan. Jarraian, Barrus partidak izango dira leku berean, eta sokamuturra Ongarai Eskolako patioan, 08:00etan.
Eguerditik aurrera, ekitaldiz beterik dator egitaraua. San Pelaio plazan, esaterako, haurrentzako parkea prestatuko dute, eta nahi adina jolasteko aukera izango dute txikienak bertan; 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara irekiko dute gunea.
Nagusiei omenaldia egingo diete eguerdian, eta hainbat lehiakettako irabazleei sariak ordu horretan bertan banatuko dizkiete. Kaleek jai giroari eutsi diezaioten, Ermua Kantuan kalejira abiatuko da Orbe Kardinalaren plazatik, 12:30ean.
Alboka Musika Eskolako Bandak kontzertua eskainiko du, 13:00etan, eta Nagusien Etxeak herri bazkaria antolatu du Aritzmendi pilotalekuan bazkideentzako, 14:00etan.
Arratsaldean, berriz, esku-pilota partidak jokatuko dira Orbe Kardinalaren plazan, 18:00etan. Bi partida iragarri dituzte: lehenengoan Elordi eta Mendibe arituko dira Calleja eta Salutregiren aurka, eta bigarrenean Azpiri eta Diez Egiguren Uriola eta Aretxabaletaren aurka.
Patxin eta Potxin pailazoak txikienei irriak sortzeaz arduratuko dira, Orbe Kardinalaren plazan, 19:00etan. Ordu berean, kalejirak bueltaka ibiliko dira; Irulitxa musika bandaren eskutik, bat, eta Lagunak eta Gure Txokoa txarangen eskutik, bigarrena.
Gorputza astindu nahi dutenentzat Larraindantza izango da Orbe Kardinalaren plazan, 20:00etan. Valdespinako Markesaren parkean, berriz, musika jaialdia prestatu du Beti Txarto taldeak: Egara taldea eta DJ Jaia izango dira agertokian, 22:00etatik aurrera. Kataluniako Atempo Circ taldeak kale ikuskizuna egingo du San Pelaioko plazan, 22:30ean. Festa luzatu nahi dutenentzat Vulkano Orkestrak Orbe Kardinalaren plaza alaituko du, 23:00etan hasita.
Azken eguna, bihar
Bihar emango diete aurtengo santixauei agurra, baina eguna bukatu artean ez dira festak amaituko. Gaur bezala, txokolate janak, Barrus partidek eta sokamuturrak emango diote hasiera egunari. San Pelaioko plazan antolatutako haurrentzako parkeak gaurko ordutegi bera izango du bihar ere.
Gastronomia ukitu bete-betekoa du biharkoak. Orbe Kardinalaren plazan arroza banatuko dute, 10:00etan hasita, eta horren ondotik hasiko da paella lehiaketa. Urteroko legean sukaldari prestu asko elkartuko da lehiaketan. Sardinak nahiago dituenak, berriz, Valdespinako markesaren plazara gerturatzea du aukera; 11:00etan sardina banatzea egingo dute. Paella lehiaketara aurkeztutako platerak dastatzeko aukera 14:00etan hasita izango da. Tripa bete ez dutenentzat, herri bazkaria izango da ondoren.
Arratsalderako Lotxo taldearen eskutik erromeria izango da Orbe Kardinalaren plazan. Bi saio egingo dituzte; 18:00etan lehenengoa, eta 20:00etan hasita bigarrena. Leku berean, paella lehiaketaren irabazleak ezagutarazi eta sariak banatuko dituzte, 19:00etan, eta, horren ondotik, aurreskua eta larrain dantza izango dira.
Gauerdiarekin bukatuko dira festak, eta agurrerako suziriak jaurtiko dituzte Ongaraiko parkean. Agur Jaunak abestuta bukatuko dute gau parteko kalejira, eta kontzertuetan azkena Micky abeslariak emango du, 00:30ean. Azken hori da santixauei amaiera emango dien ekitaldia.
Jaiak. Ermua
Santixauak, azken txanpan
Ermuko festek gaurkoa eta biharkoa dituzte azken egunak; makina bat ekitaldi dituzte agurraren aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu