Bilboko Aste Nagusia. Gure txokotik

Saria borondateari

San Frantzisko, Uribarri eta Errekaldeko gau eskolek doan eginiko lana saritu du Hau Pittu Hau! konpartsak

Gau eskoletako ordezkariak makila eskuetan dutela, esker oneko hitzak eskaintzen. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Euskararen normalizazioaren bidean «berez erakundeei zegokien lana» egiteagatik, Bilboko gau eskolei eman diete aurtengo euskara saria. GITE gizarte ikerketarako talde eragileak duela hamar urte jarri zuen martxan lehen gau eskola Bilboko San Frantzisko auzoan, atzerritarrak euskarara inguratzeko. Gero, Uribarri eta Errekalden ere martxan jarri zituzten gisa horretako esperientziak, Ttanttaka eta Euskarri euskara taldeekin elkarlanean. Orduz geroztik «ehunka» ikasle batu dira eskola horietara, eta «euskararen aldeko milaka lan ordu egin dira borondatezko lanean oinarriturik». Izan ere, gau eskola horiek doakoak dira, eta irakasleek ez dute ezer irabazten bertan lan egiteagatik. Era horretan, «udalaren jarrera agerian» utzi dutela azpimarratudute Hau Pittu Hau! konpartsako kideek, eta horregatik guztiagatik euskara saria eurei eman diete aurten.

Euskalgunea osatzen duten konpartsek —Hor Dago Abante, Hau Pittu Hau, Eguzkizale eta Txori Barrote— urtero egiten duten bazkariaren testuinguruan egin zuten sari banaketa. Lau konpartsetako 300 kide inguru elkartu ziren, bero sapari aurre egiten, eta aldarte onean. Saria esker onez jaso zuten gau eskoletako arduradunek, baina eskaera hau ere egin zieten bazkarian zeuden guztiei: «Urte guztian askotan irakasleak falta izaten zaizkigu, eta, hemen denok euskaldunak zaretenez, eskaera egiten dizuegunean sentikorrak izan», adierazi zuen Txema Uriarte gau eskoletako kideak.

Hamar urteko ibilbidean lan handia egin dute San Frantzisko, Uribarri eta Errekalde auzoetan. Denbora horretan, atzerritar ugari igaro dira gau eskoletatik. «Gure harrigarri, heren batera iristen zen kopuru hori». Gainerakoak Euskal Herrian urte mordoxka bat daramaten etorkinak dira, eskoletako ordezkarien esanetan, seme-alabak euskaldunak izanagatik ikasteko betarik izan ez dutenak. Gainera, gau eskoletan aritutako ikaslea ondoren klase normaletara ere joan izan da. Horregatik, eskola horietan egindako lanak jarraipena izan duela esan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.