Aldaketa garaian dago Baskonia saskibaloi taldea. Jokalarien joan-etorria erabaki eta hurrengo denboraldiko taldea egituratzen ari dira Josean Kerejeta presidentea eta Dusko Ivanovic entrenatzailea bulegoetan. Aldaketarik handienak, ordea, joko zelaian bertan egiten ari dira. Buesa Arena kiroldegia berritu eta handitzeko lanek aurrera segitzen dute, eta lantegi horretan atzo egin zuten maniobrarik zail eta konplexuena: kiroldegiko kupula lekuz aldatzea.
Maniobra ez zen nolanahikoa. 5.600 metro koadro eta 80 metroko diametroa du kupulak, eta 200 tonako pisua. Egitura altxatzeko Liebherr 2.350 izeneko garabia baliatu zuten, Gasteizko ia bazter guztietatik begizta zitekeen garabia erraldoia: 120 metro garai da, eta 1.600 tonako karga altxatzeko ahalmena du. Maniobraren zailtasun eta arriskuez ohartarazi zuten berritze lanetan ari diren ingeniari eta teknikariek, eta lau ordu pasatxo behar izan zituzten azkenerako kupula jaso eta kokaleku berrira eramateko. Hori bai, dena teknikariek nahi bezala irten zen, arrakastatsu.
Saskibaloi partidarik ez zegoen, baina bai ikusmina Buesa Arenaren inguruetan. Asko izan ziren maniobra lanak bertatik bertara ikustera joan ziren gasteiztarrak, argazki eta bideo kamerak eskuan zituztela haietako batzuk. Gasteizko alkate Javier Maroto eta Arabako Batzar Nagusietako presidente Juan Antonio Zarate ere han ziren. Gehiago edo gutxiago, baskoniazaleak guztiak ere.
Hainbat trailerretan banatuta, asteburuan garraiatu zuten garabia erraldoia, eta goizeko lehen ordurako lanerako prest jarri zuten beharginek. 09:30 pasatxo zirela hasi zen garabia kupula aireratzen. «Maniobra arrakastatsua izan da, eta eguraldiaren baldintzak ezinbestekoak izan dira horretarako», jakinarazi zuen Buesa Arena berritzeko proiektuaren zuzendari Julio Herrerok. Bete-betean bete ziren metalezko egitura handia ez deformatzeko eta segurtasunez garraiatzeko baldintzak: «Segundoko 5 metroko indarra baino txikiagoa izan du haizeak, eta hori lagungarria izan dugu kupulak altuera hartu duenean arazorik eta mugimendu arrarorik egin ez zezan». Zurbao bertako aparkalekuan jarritako eremura eguerdirako eraman zuen handik. Maniobra lanak 13:30ean eman zituzten bukatutzat teknikariek.
Ikusle gehiagorentzako lekua
Kupula zaharra kenduta, kiroldegiaren sabai berria jartzen hastea izango dute hurrengo egitekoa. Abuztuaren 2an hasi asmo dute horretan, eta hamabost hilabetez arituko dira berritze lanetan. Horiek bukatuta nabarmen igoko da Buesa Arena kiroldegiak hartuko duen ikusle kopurua; lehen 9.000 ikusle hartzen zituen, eta aurrerantzean 15.000 hartuko ditu. Aulki horiek guztiak baskoniazalez betetzea izango da Baskoniarentzat datozen urteetarako saskiratzerik onena. Dagoeneko hasi dute bazkide berriak erakartzeko kanpaina, eta, arrakastatsua izateko bidean, Kerejetak eta Ivanovicek haien erabakietan asmatzea giltzarria izan daiteke.
Saskiratzerik zailena
Lau ordu iraun du Gasteizko Buesa Arena kiroldegiko kupula lekuz aldatzeak. Ingeniaritza maniobra zail eta arriskutsua egin dute 200 tona inguru pisatzen duen egitura handia mugitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu