Seguritate 1
Rue de la Mare. Goizeko seiak. Gau. Euri hotz xehe. Igandea. Okindegi etsiaren atepetik argi marra. Ogi egin berriaren eta bixkotxen usain goxoa. Poesia. Eskuin noa: Rue des Pyrénées. Auto bakan batzuk. Pyrénées metro estazioa. Metroan ibiltari guti, enegandik hurbil bi neska diskotekatik jalgi berriak. Bisean bis dira, zangoak elkarri lotuak. Utziak. Erdi lo. Beltzez bezti. Minizai. Panty beltz. Ene diagonalean dena obserbatzen dut: ile ilunen zama distiratsua, makillaje higatua, larru hitsa, begi hetsietan duen eye linerra. Station Belleville: gizon bat sartzen da. Gorputza gotor, laneko uniformetan. After shave. Parean duen neskaren izterretan ditu zut begiak. Nahigabe beti izterretara joaten zaio begirada. Goncourt ... Arts et Métiers... Hôtel de Ville... Châteleten jaisten naiz. Labirinto. Zinta garraiatzaile luze. Porte d'Orléans 4. lineako estazioa. Kamera zaintzaileak. Estazioko aulkien gibeletan jende erromesak etzanak, lo. Pixa usaina. Burdinbidearen bestaldean den iragarki handiari so nago: «Bouger 30 minutes par jour, c'est facile ! Boutique 6min. Fac 10 min. Café 5 min. Chez Julie 2 min.». Ez dakit zergatik Roy Hugginsen The Fugitiveheldu zait gogora. Tunelaren ahotik badator trena. Saint-Michel... Saint-Sulpice, Saint-Placide, Montparnasse - Bienvenue. Jaisten dira gehienak. Tren geltokiko eskailera automatikoak. Zementuzko arkitektura irekia. Oihuak nonbait. Su artifizialen iduriko punpak entzuten ditut. Eskailera automatiko handiaren arteketarik ikusten dut gazte beltz bat lurrean etzana dagola. Polizia, zibilak eta uniformedunak telefonoz mintzo. Aferatuak. Pultsua ukitzen diote. Ene ondoan gazteak, beltzak eta magrebtar jatorrizkoak. Beltzetarik bat negarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu