MARATILA

Seguritate2

Aurelia Arkotxa.
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Securitas: greko eta erromatarrendako trankilitatea zen. Serenitatea. Bertze zentzu batean, securitas hitzak arriskurik gabeko egoera azal dezake: Pax et securitas. Ordea, Frédéric Gros filosofoak (ikus Le Management sécuritaire-Le Monde 2010/11/22) dio hitz hori gaurko Estatu modernoak duen seguritate edo segurtasun itxurari lotua dela. Hain zuzen, segurtasuna Estatuaren konpetentzia esklusiboa bilakatua dela. Segurtasun-Estatu horren hiru ardatz enblematikoetan (epai-segurtasuna, polizia-segurtasuna eta militar-segurtasuna) polizia-segurtasuna du aipatzen, eta honetan bereziki ordenu publikoaren zaintza. Araudien eta zaintza sistemen beharra izaten baita ordenu publikoaren antolatzeko. Polizia-segurtasuna martxan sar daiteke salbuespen-egoeraren edo setio-egoeraren moduan, noski. Bizkitartean, Segurtasun-Estatuak gure egunerokotasunaren kontrolatzeko ere polizia-segurtasuna erabil dezake ordenu publikoa mehatxatua dela iduritzen baldin bazaio. Estatuak defini ditzake orduan nortzuk diren lanjerosak zaizkion pertsonak, haiez informazio biltzeak antola ditzake, eta sekretuzko zaintzak defini. Frédéric Gros-ek azpimarratzen du polizia-segurtasunean oinarritua den Estatuak laster arriskuan ezartzen dituela pertsonen oinarrizko eskubideak (ibiltzeko eskubidea, intimitatearena). Frantziako azken aktualitateko bi kasu aipatzen ditu: Rom-en kanporatzea eta frantses hiritartasunaren galtzearen inguruko araudi berria. Paueko auzitegiak Aurore Martin militante politikoaren kontra hartua izan den euroaginduaren onartzea, hirugarren bat delarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.