Maratila
Seguritate3
Joan den egunean, Pannecau karrikan arratoi lodi bat. Tutueriaren burdinazko ahoan. Muttura goiti, sudur luzea zimurtuz inguruak usmatzen ari. Gainerako lagunak hor zituzkeen gorderik, pean. Frist, iniministan lekutu zen. Ur bazterretako hiriek bereziki beren zorroetako labirintoetan arratoi jendetzak badituzte, eguzkipeko karriketan bezainbat beharbada. Arratoien herria bazter bizi da, eta hilen herria ere zutik atxikitzen dugu, baina halaber bazterrean. Veneziako hilen irla zaidalarik harrigarriena. Hirugarren zirkulu bat ere bada, baztertzen duguna: presoen herria. « Presondegiak ardura hirien kanpoan dira » dio Gabi Mouescak (Prison@net 2002) «poluzio iturri diren errepide-trafiko bizitietarik apart». Pareta lodien seguritatean bere bizia badaramana kartzelak. Bere « matoi »-zaintzaileekin eta presoen miseriekin. Preso denari Arles-eko zerua laket zaio, airosa delako: « 2000ko urriaren 12a. Egun euritsu. Arles-en ez da ardura gertatzen... « mistral»-ak haizatzen ditu lainoak. Egunero zeru blua». 2001eko apirilaren 21ean ere zerua aipatzen du: «Egunero, argia hasten delarik, leihora noa bazterren miresteko. Egia erran, burdinen arteketarik, presondegiari itzulia ematen dion eta hamar metroz gora ene parean zut zuta goiti doan murrua baizik ez dut ikusten, eta zerua». Zeru puska horretan pasatzen diren abioietan badoa haren izpiritua ere airean. 2001eko azaroaren 24a: «Etxe hau amaigabeko noraeze lekua da». Hamazazpi urteren buruan, libratzen dute. Uztailaren 23an dio: «Karriketan kurri nabil ezin egonak harturik bezala, helbururik gabe, beti aitzina nahi dut joan. Hainbertze naiz kurri ibili eremu meharretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu