Sei eguneko bestak Kanbon

Atzo hasi ziren Kanboko bestak. Sei egunez iraunen dute, hots, datorren asteazkenera arte. Askotariko ekitaldiak izango dira Lapurdiko herri horretan.

J Martina taldeak igande gauen joko du Kanboko bestetan. J MARTINA.
J Martina taldeak igande gauen joko du Kanboko bestetan. J MARTINA.
2024ko abuztuaren 10a
05:00
Entzun

Atzo arratsean hasi ziren Kanboko (Lapurdi) bestak, eta asteazken gauera arte iraunen dute. Sei eguneko egitaraua hilaren hasieran plazaratu zuten kanboarrek, animazio eta ekitaldi proposamen zabalak eginez.

Barda besten hasiera markatu zuten herriko etxearen balkoitik gakoak botaz. Abiatzea ospatzeko, Behereko plazan, Ixtaklok txarangak, Kilimak eta Maskak taldeek jo zuten; eta Edantza dantzaldiarekin bukatu zen gaua.

Gaurko egitaraua goiztiarra izanen da, 09:00etan hasiko baita, Mendiz Mendi elkarteak prestatutako Kanboren itzuliaren ibilaldiarekin. Goiz berean, 11:00etan, ziganteek desfilatuko dute karriketan; eta, ondotik, Kanboko Izarrak antolatutako futbol lehiaketa iraganen da. Denak elkartzeko, 13:00etan, bazkari alaitua izanen da. Gauean, bestetako zikiroa iraganen da (20:30), Kontrabanda taldearen doinuekin. Bet-betan, Sukila elkartean, 20:00etatik goiti, RTZ kolektiboak eta Spartak Demantzialak taldeek kontzertuak emanen dituzte, eta, gau bukaerarako, DJ Ikatzek animatuko du gunea.

Kanboarren eguna

Biharko eguna dute egun nagusia, Herritarren eguna deitzen dutena. Egun osoan, hiri barneko kaleetan, bertako elkarteek jarri erakusmahaiak izanen dira, Kanboko eta inguruko produktuez gozatzeko. Eguerdian hankak mugitzeko parada ukanen dute bertaratuko direnek, jauziak joko baititu Kanboko Izarra elkarteak, eliza aitzinean. Eguneko lehen kontzertuak eguerdian hasiko dira, trinketeko plazan, Gaitistaneko orkestrarekin; 16:00etan, berriz, Nat eta Watson taldeak joko du.

Gaueko animazioak 19:00etan hasiko dira, lehenik Jon Itzainarekin, ondotik Punttu Kakotx txarangarekin. Nikotina taldea oholtzara igoko da 21:00etan, eta bi ordu berantago, J Martinak segida hartuko du Kanboko plaza animatzeko. Igandeko gaualdia ontsa finitzeko, Frigok alaituko du plaza (01:15ean). Gaualdiaren sartzea bost euro izanen da; bertan jatekoa eta edatekoa izanen da, gaualdi osoan.

Etzi merke saltzeen eguna izanen da herriko kaleetan. Arratsaldean, pilota plazan, pilota finala iraganen da (18:00); trinketaren plazan mutxikoak emanen dituzte (19:30), eta ondotik Atzarbale txaranga arituko da (21:00). Gaualdia Emaitza gaztetxean bukatuko da, Mozorro gaualdiarekin: Karma eta Pangea Pop musika taldeak izanen dira, eta Tekkrew DJa ere ariko da gau amaieran.

Etzidamu, haurrek egunaz gozatzen ahalko dute pilota plazan proposatutako animazioei esker: jokoak (15:00), askari oparitua, Gurashow emanaldia (17:00), entzierro ttipia (18:30)... Pilota plazan, Ixtaklokek berriz joko du (22:00), suziriak botako dituzte, eta Holako Deluxe taldeak dantzaldia eginen du gauerditik aurrera.

Azken eguna asteazkenean izanen dute: goizean pala txapelketa jokatuko dute; herri bazkaria ez da faltako (13:00); esku huskako partida handia 18:15ean jokatuko dute; mutxikoak 19:30ean ariko dira, Kiki Bordatxorekin; eta dantzaldia 21:30ean hasiko da, DJ Amarekin. Bestak bukatzeko, gauerdian suziriak jaurtiko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.