Amaitu berri da uda, eta, honekin batera, kanpaina paleontologiko asko. Horiek buruan, oroitu naiz nola Charles Darwin iritsi zen Bahia Blanca hirira, 1832ko irailean, Beagle itsasontzian. Haren kapitainak zorroztasunez kartografiatu nahi zituenez inguruak, han hainbat aste eman zituzten. Gauzak horrela, Charles Darwin lehorreratu zen Punta Altan, eta bertan txiripaz aurkitu zituen bere bidaiaren lehenengo hezur fosilak irailaren 22an, gaur 179 urte hain zuzen ere. Aurkikuntza paleontologiko horiek eta Hego Ameriketan egin zituen beste hainbaten ondorioz, espezien aldaezintasunaren teoria zalantzan jartzen hasi omen zen Darwin. Aurkitutako fosil berrien artean animalia handiak zeuden, besteak beste bobidoak, tapirrak eta beste asko.
Darwinek fosilak ustekabean aurkitu zituen bezalaxe, 2003an Gironako Caldes de Malavella herrian fosilak azaldu ziren, aparkaleku bat eraikitzeko lanak abiatu zirenean, Camp dels Ninots inguruan. Lekua orain dela 3,5 milioi urte erupzio bolkaniko batek eragindako krater bat da, eta, sumendi hori itzali ondoren, laku bat garatu zen han. Lakuko urek panpinatxo itxurako formak hartu zituen opalo minerala sorrarazi zuten. Hortik dator lekuaren izena: Camp dels Ninots. Klima hezea eta subtropikala zen orduan han, eta lakuaren inguruan egun Kanarietan ikus daitekeen laurisilba sortu zen. Hara hurbiltzen ziren animalia asko, eta horietako batzuk, askotariko arrazoiak tarteko, hil eta lurperatzen ziren lakuaren ondoko sedimentu fin eta oso mineralizatuetan. Horregatik izugarri ondo kontserbatu dira fosilizatutako belarjale handiak, tapirrak, errinozeroak, arrainak, igelak, anfibioak zein ur-landareak, kanaberak, makal eta sahatsen hostoak eta beste asko eta asko. Neurri batean, duela hiru milioi urteko Ponpeia baten aurrean gaude, fosilak izugarri ongi baitaude, ornodun askoren eskeleto artikulatu eta guzti. Orain arte aztarnategiaren %2 baino ez da landu, eta jada fosil asko eman ditu. Horrelako aztarnategiak oso bakanak dira, eta, era berean, izugarri garrantzitsuak dira joandako garaietako argazki oso zehatzak ematen baitituzte. Gironan aurkitutako fosilen artean, betiko suntsitutako espezieen artean, besteak beste, bobido espezie batenak daude. Animalia hau oraingo zezen, bisonte eta bufaloen arbasoa izan omen zen, eta arrek soilik zeuzkaten adarrak. Dagoeneko espezie horren lau eskeleto aurkitu dira euren osotasunean. Ez dago argi zergatik espezie horren eskeleto fosilak zein beste zenbait espezierenak artikulatuta aurkitzen diren. Izan ere, animaliak hiltzen direnean harrapari eta sarraskijaleek eskeletoak zatitu egiten dituzte jateko, eta hondakinak sakabanatu. Antza, animaliak hil zirenean oraindik inguruan jarduera bolkanikoa gertatzen zen noizean behin, eta errautsak jaurti edo gas toxikoak askatzen ziren. Gauzak horrela, hildakoak berehala lurperatu edo sarraskijaleak urrundu egiten zituzten erupzio bolkanikoek, eta gorputzak ez ziren desartikulatzen usteltzen ziren bitartean.
Beste txiripa handi bat Huescako Pirinioetan suertatu zen, 1992. urtean, geologo bat Areny edo Aren ingurua kartografiatzen ari zenean. Dinosauroen oinatz fosilak aurkitu zituen han, eta ondoren, paleontologoak ikertzen hasi zirenean, dinosauroen fosil ugari hasi ziren topatzen. Horiek ez ezik, orain arte Europako zaharrena den krokodiloa ere aurkitu zuten, duela 65 milioi urteko arroken artean.
Maiz gertatu dira zorioneko aurkikuntzak paleontologian, eta Atapuerca da beste adibide eder bat. Zoriak paleontologian zein arkeologian, paleoantropologian eta beste hainbat arlotan duen garrantzia ikusita, argi dago guztion prestakuntza eta sentsibilitatea behar-beharrezkoa dela. Ongi dago erakundeek lurrean gordeta dagoen ondarearen babesa arautzea, baina gizartea ez badago sentsibilizaturik, erraz suntsi dezake edonork aztarnategi bat inolako arrastorik utzi gabe. Eta seguru asko hori behin baino gehiagotan gertatu da, ezjakintasunez edo, are okerrago, beste interes batzuk aurretik jarri direlako. Beraz, ezbehar horiek ekiditeko neurririk egokiena gizartearen eta gure agintarien sentsibilitatea da. Bestela, informazio baliotsuaz gain, guztion ondare errepikaezina betiko galdu edo esku pribatuetara joango da.
Ezarian. Zientzia. Argialdian
Sentsibilizazioa, fosilen babesa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu