Azken boladan sexuekin, sexualitatearekin eta erotikarekin lotutako hainbat berri egon dira. Printzipioz, batak bestearekin ez zuen zer ikusi handirik.Horien artean bi ekarri ditut:
«Gay gazteen artean babes gabeko praktikak gehitu egin dira, eta GIBa kutsatzeko arriskua handitu da».
«Krisi ekonomikoa dela eta, gero eta gizon gehiagok erekzio arazoak dituzte».
Horrelako berriek geure arreta berehala erakartzen dute. Are gehiago, entzuten duguna ulertu nahian albistean bertan azaltzen direndatuak, konparazioak, bizipenak eta abarrekoak bilatzen ditugu, eta denak oso gertutik begiratzen ditugu. Hain hurbiletik aditu ere, gure bizipenak ekartzen ditugula datuekin konparaketa isil bat egiteko. Hala ere, askotan zaila egiten zaigula abstrakzio bat egitea, edo berria bera bestelako begirada batekin prozesatzea. Zer esanik ez sexualitatea, sexuen arteko harremanak, jokabide erotikoak… albistearen mamia direnean.
Gizarteak, hedabideek, erakundeek… aspalditik konturatu, onartu, eta esan ere esan dute sexualitatea jaiotzearekin bat hasten dela, eta heriotzarekin amaitu. Gure gorputz osoa dago tarte horretan, eta horren isla da nahi eta nahi ez. Gure bizitza osoko bizipenak, gure hezkuntza, gizartea, gure familia, ernalkuntza unetik gure baitan dakarkigun informazio guztia dira gure sexuaren, sexualitatearen eta erotikaren osagarriak.
Jakin badakigu bai, baina sarri gai horiei lotutako berriak irakurtzerakoan hauxe ikusten dugu:
1. Babes gabeko praktikak, antza denez, batzuenak baino ez dira; aurreko kasuetan, gay gazteena. Jakin badakigunean jokabide erotikoek ez daukatela sexurik, ezta harreman motarik ere. Norberak aukeratzen dituela gustukoenak dauzkanak. Baina hori gutxi balitz bezala, berriro ere saltzen dizkigute soilik kondoiaren erabilera… Eta ez da aukera bat ere txarra, baina beharbada, mugatua. Zer moduz azaltzen badugu ezetz esatea ez dela gauza eskasa, eta, aldi berean, proposatu gozatzeko, orgasmoak izateko inolako arrisku bako bestelako aukerak. Adibidez, norberaren gorputza erabiliz laguna masturbatzea?
2. Gizonen erekzioaren arazoa larria dela, zer esanik ez krisiarena, ezta? Baina, tira, ez da gaurko gaia. Gizonen gogoa eta indarra zakilaren erekzioan neurtuko balitz legez. Jakin badakigunean gizonen eta andreon desioa, erekzioak, plazerak oso modu desberdinetan garatzen direla. Zer moduz azaltzen badugu gure gorputzak kontatzen diguna gure bizipenekin lotuta dagoela, ez dela arazo bat, ispilu bat baino. Zer moduz azaltzen badugu zure lagunari musuek egindako soinekoak ez duela erekziorik behar? Zer moduz esaten badugu aste batzuetan ez baduzu zakila inon ere sartzen ez dela arazo bat?
Horrenbeste badakigu, zergatik ez ditugu gaiak hobeto azaltzen, sakontasun gehiago emanez? Hain gutxi badakigu zergatik ez dugu azalpen gehiago eskatzen?
Osasuna. Sexologia
Sexberriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu