Irlen sarea. Gorka Julio

'Sinde legearen' aurkako matxinada

2010eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Matxinada orokorra izan da azken astean sarean. Ekonomia Iraunkorraren Legearen barruan, «legez kanpoko deskargen» webguneak ixteko aukera eman zezakeen Sinde legea atzera bota dute Kongresuan. Legea onartzea espero bazuten ere, azken momentuan eta atzerapenak atzerapen, legeak ez ditu behar zituen babesak lortu, eta, beraz, ezin izan dute aurrera atera.

Hori lortu ahal izateko, Anonymous taldeak eta beste milaka hacktibistek (teknologien bidez ere, gizartean eragin nahi duten pertsonak) matxinada globalera deitu dute. Hacktibista talde batek Sindegate.net ekimena abian jarri du. Beste batzuek, webguneak ixtearen kontra azaltzeko, noalcierredewebs.com webgunea zabaldu dute. Beste talde batek, parlamentariei kexa mezuak bidaltzeko aukera ematen zuen beste hau (http://xmailer.hacktivistas.net).

Baina ekimen horietaz gain, zenbait pertsona anonimok, Anonymous taldeak egin zuen moduan, PSOE, PP eta Espainiako Kongresuaren webguneen aurkako mobilizazioetara ere deitu zuten, baita EAJ, CIU eta CC alderdien webguneen aurka ere. Mobilizazio horretan parte hartzen ari direnek hainbat tresna erabili dituzte. Batzuek zuzenean nabigatzaile soil baten bidez erabiltzeko prestatu dituzte, eta beste batzuk deskargatzea beharrezkoa zen, horien artean LOIC, HOIC, hping3 eta horrelako tresnak. Denak gauza bat lortu nahi zuten: webgune bat behin eta berriz bisitatzea, hura blokeatzeko. Mobilizatzeko era horri buruz Richard Stallmanek ere (software librearen mugimenduaren sortzailetzat jotzen dute) hitz egin zuen. Mobilizatzeko mota hau babestu eta horren zilegitasuna azpimarratu zuen.

Informazioa jarraitzeko ez zegoen leku bakarra; irc-en (solagune zerbitzariak), blogen eta baita Twitter bidez ere zabaldu dute mezua. Mezuaren zabalkundea izugarria izan da. Jendearen parte-hartze eta mobilizazioa oso altua izan da sarean behintzat. Talde egituratu batzuek parte hartu dute, baina mugimendu espontaneo bat ere bazegoen horiekin batera ekimenetan parte hartzen. Sare soziletan mobilizatzeko eta egituratzeko era berriak esperimentatzen ari den gizarte bat ikusteko aukera izan genuen. Orain beste hanka falta da, mobilizazioak kalean ere eragin zuzena izatea. Uztartze hori gertatzen bada (eta gertatzen ari da), iraultza berriak ikus ditzakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.