Asteburuko proposamenak

Soinu bidezko txorien ezagutza

Gasteiz Ikusmen urritasunak dituzten pertsonei zuzendutako ikastaro berritzailea izango da larunbatean

Erredakzioa
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Itsuei eta ikusmen urritasun arazoak dituzten pertsonei zuzendutako ikastaro berritzailea antolatu du Gasteizko Udalak larunbaterako, SEO/Birdlife eta ONCE erakundearen lankidetzarekin.

Ataria, Salburuako hezeguneetako interpretazio zentroan eskainiko den ikastaroan, hegaztiak euren kantuen bidez ezagutu eta identifikatzea ahalbidetuko da. Eduki interaktiboak garatuz, hezeguneetan zabalduen dauden txantxangorria, txonta arrunta edo zozoa bezalako hamabi espezie identifikatuko dituzte, etzi,10:00etatik aurrera.

Hegaztien txorrotxio desberdinen esanahia, soinuen igortze moduak eta soinuak sortzeko hegaztien arnas-aparatuek jasaten dituzten egokitzapen desberdinak azalduko dituzte eta animalien itxura fisikoa nolakoa den irudikatu ahal izateko, hegaztiak bizirik harrapatu eta manipulatu egingo dituzte, eraztunak jartzeko egiten duten teknika bertsua erabiliz.

Ikasia ezagutuz

Larunbatean ikasitakoa praktikan jarri eta hegaztiak euren habitat naturalean ezagutu ahal izateko, ikastaroaren jarraipen bat ere prestatu dute antolatzaileek ekainaren 4rako. Ornitologo profesionalen laguntzarekin, hezeguneetan barna ibilaldi gidatua egingo dute bertako espezieak hobeto ezagutzeko asmoz.

Hegaztien kantuak ekimenean parte hartu nahi duenak, Gasteizko Udaleko web orrian, Ataria interpretazio zentroan, Gasteizko ingurumen gaietako ikastegian, hiriko gizarte etxe guztietan edo ONCE erakundearen bidez eman ahalko du izena.

HEGAZTIEN KANTUAK

Non. Ataria interpretazio zentroan (Gasteiz)

Noiz. Larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.