Ezarian. Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa

Sonam-en Khangpa

Nepaldik dator 2011ko lehiaketako kronika saritua. Mikel Txertudik Himalayan egindako zeharkaldiaren testingantza dotorea utzi du ondoko lerroetan. Bidaia on.

Zamaketari bat, Khumbu haranean. MIKEL TXERTUDI.
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Paisaia bada poema ere,

inola ere ez da mutu;

nori bere estrofa diotsa

harmoniatsu bezain altu.

Bitoriano Gandiaga«Izadiminez»

Sonam-ek bere khangpa erakutsi digu. Ez da ohiko etxe bat. Himalayako ortzia du sabaitzat, eta inguratzen duten izotzezko mendi garaietatik esekitzen diren baso eta haran biluztuek mugatzen dute albo guztietatik. Ilargi eta eguzkiaren taupaden erritmoaren baitan mugitzen diren herri eta bazter ederrak, denborak beste dimentsio bat hartzen duen paisaia erakargarria, natura guztiaren jabe den espazio harmoniatsua, sentimenduak loratzen laguntzen duen sehaska kulunkagarria, ehunka urtetako usadioei loturiko xerpa herriaren bizilekua... Sonamen khangpa ez da ohiko etxe bat. Bizitza oso bat da. Bizia den bizitza oso bat.

Luklarantz

Hegazkin txikiaren leihotik Katmanduko paisaiari so geratu gatzaizkio. Gure mendean budisten estupak, kale zalapartatsuak, Bagmati ibaiak marrazten duen lerro irregularra... hamaika postal koloretsu, bizirik irauteko hamaika espazio desorekatu, bizitza itzaltzeko hamaika bazter ezkutu. Himalayara gerturatzen goazen heinean, berehala ohartu gara haran eta mendi gandorretan lerro meheak marratzen dituzten bidezidorrak infinituan galtzen direla eta mendien magalak bortizki amiltzen direla ibaietan ito arte. Ertzik gabeko panoramika mugagabearen sinfonia. Dena da txikia eta handia, aldi berean. Eta neurririk gabeko agertoki honetan miniaturazko mundu bat, gertutik, barren-barrenetik ezagutu nahi dugun mundu erakargarria, naturaren altzoan piztu eta lokartzen den sherpen khangpa.

Zerumuga ebakitzen dituzten mendi garaiak begiztatuko orduko ohartu gara Sagarmathakoatarian gaudela, baina hegazkin txikia sakanerantz jaisten hasi denerako paisaia ahaztu eta izuak urduri jarri gaitu. Azkenean, Luklako aerodromoan lurra hartu dugu. Mendizaleen motxilak eta bagajeak garraiatzen dituzten zamaketariz beterik daude bazterrak, rupia batzuen trukez hurrengo egunetarako lana emango diegun esperoan. Harrabots horretan galdurik norbaitek gure izenak ozenki bota ditu airean. Sonam da, datozen hamabi egunetan bide erakusle eta bidelagun izango dugun xerpa, eta haren ondoan gure zama bizkarrean garraiatuko duen rai etniako Ram gaztea.

Izen iradokitzailea duen Paradise lodge-an lehen tea dastatu, eta berehala murgildu gara Luklako kale estu eta luzean. Paisaia berriari so, zirrarak hartu gaitu, eta, metro gutxiren buruan, begiak ezin ase ekin diogu gure abentura honi. Azken etxea atzean utzi eta Sagarmathako lurraldera ongietorria egiten duen ataria gurutzatu aurretik, jainkoei bideratutako otoitzak irudikatzen dituzten gurpilak dantzan jarri ditugu, erreguak eginez eta desiorik gizatiarrenak eskatuz. Beteko ote?

Xerpen hiriburuaren kolore festa

Bat-batean, andanan doazen turista, mendizale eta zamaketarien joan-etorri etengabean murgildu gara. Bazter guztiei so, eta gure ingeles traketsaz baliatuz, Sonami galdezka hasi gatzaizkio begien aitzinean agertzen zaigun guztiaren esanahi eta arrazoiak jakin guran. Pazientzia handiz eta beti irribarre zabal batez, bere khangparen sarreran aurkituz goazen guztiari izena eta izana jartzen dio, bere etxea apaindu eta edertzen duten zoko eta xehetasunen azalpen neurtuak, gure interesa asetzeko lain. Eskolara doazen umeen algara biziak gure arreta bereganatu du, zuhaitzen artean ezkutaketan, loreak bildu eta irribarre zabal batez gure argazki kamerak klik noiz egingo zain. Kusum Khangkaru mendi garaiaren magaletan eguzkiaren azken izpiak irristatzen hasi direnerako, Phakding-era heldu, eta bertan igaro dugu lehen gaua.

Bezperan piztutako neurririk gabeko jakin-minez abiatu gara Dudh Kosi ibaiaren paraleloan marrazten den bidezidorrean zehar. Tarteka, erakargarriak bezain ziragarriak gertatu zaizkigun kablez eta burdinez eginiko zubi esekiak zeharkatu, eta maldan gora abiatu gara. Emeki-emeki heldu gara xerpa herriaren hiriburura, Namche Bazar-era, hain zuzen ere. Igitai itxura duen haran malkartsu batean gora egiten duen herri honek anfiteatro baten harmailetan etxeak barreiatzen diren argazki koloretsua eta bizia du. Xehetasunik galdu gabe, herria, herritarrak eta haien bizimodua ezagutzeko asmoz, kale artean galdu gara, merkatuko anabasa, monasterioaren misterioa, dendarien zalaparta eta paisaiaren babesean.

Biharamunean, Sonamek, Haran Berdean dagoen Khumjung-era joan, eta bere jaiotetxea ezagutzera gonbidatu gaitu. Masailak eguzkiaren indarrez belztuak dituen bere amak hartu gaitu, atseginez, te bat hartzen dugun bitartean bere etxe xumearen gelak apal erakutsiz. Thamserku eta Kang Tega mendi garaien gailur eta izotzezko magalei begira, amets egiteko beta hartu dugu segidan, ezinezkoa zaigun hori eskura izango bagenu lez. Namche Bazarrera itzuli, eta gauak lagundu digu ametsa betetzen.

Gokyo haranaren biluztasuna

Egunsentiaren argitasunarekin batera, nagitasunak astindu, eta Namche Bazarreko eskailera amaigabeetan soseguz egin dugu gorantz. Lehen bihurgunera iristean, gure etxean argazki eta irudietan maiz ikusi eta amestu ditugun munduko mendi garai eta ederrenak aurrez aurre paratu zaizkigu: Ama Dablan, Nuptse, Lhotse eta bi horiek lotzen dituen harresi ikaragarriaren gainetik bere buru ilun lurruntsua erakutsiz Sagarmatha (Everest edo Chomolungma). Emozioek azkar kilikatu dute gure barrena, elkarri begiratu diogu, mutu, dakusagun paisaiaren bakarrizketari erne, detailerik galdu gabe, Sonamek iratzarri gaituen arte.

Tawoche, Cholatse eta Arakam Tse mendien paraleloan zabaltzen den bideak paraje berrietara gerturatu gaitu. Mugagabeak diruditen magalez osaturiko lur biluztuak, lortezinak ematen duten izotzezko mendi gailur zorrotzez marrazturiko zerumuga amaigabea. Errododendro bakan batzuek eta te landare basatiek lekua aurkitu duten Gokyo haranaren altzoan gaude. Eta agertoki erraldoi horren hondoan, Cho Oyu menditzarraren presentziak inguratzen gaituen paisaiaren collage perfektuari falta zaion azken pieza ezin ederragoa. Gokyo Ri-ko gailurrera (5.357 m) igo, eta jainkoei eskainitako ifrentzu usain artean 360º-ko panoramika bikainaz gozatu dugu luzaroan, isilik, paisaiaz maitemintzeko ahaleginduz, naturak erakusten duen indarrak liluratuz.

Khumbu glaziarraren handitasuna

Bezperan egindako elurrak bazterrak zuritu, eta neguko giroa nagusitu da, isiltasuna jabe den paraje eder hauetan. Erritmo motelaz, Cho La Pass-eko lepora (5.368 m) doan xenda estu eta pikoari jarraitu diogu. Nirekha Peak-en magaletik ihesean doazen izotzezko bloke erraldoi eta mehatxatzaileek erakarri dute gure atentzioa, askatu eta gure mendean hautsiko ote diren beldur. Glaziarrean zehar bete ditugu hurrengo minutuak, ezker-eskuin zabaltzen zaigun ikuspegi dotoreari so. Kasik bost mila metrotan gaua igaroko dugun Lobuche-ko lodge-ra iristean nekea gailendu zaigu, eta, afari oparoaren ostean, ohe xumeak eskaini digun espazioaz jabetu gara, hurrengo egunak oparituko dizkigun ezusteen esperoan.

Egunsentiaren argitasunak iratzarri gaitu. Teak berotutako edalontzia esku artean estutuz eta zurrut txikiak eginez gorputza girotu dugu. Gora Shep-era heldu, eta, bat-batean, Pumori, Lingtren, Khumbutse eta Nuptse menditzarren izotz eta haitzezko zirku perfektua agertu zaigu aurrez aurre. Eta haien altzoan, Sagarmatha eta Lhotsera igotzeko oinarrizko kanpamentua, glaziarraren gainean eraikitako kolore anitzezko herrixka. Kala Patthar-eko gailurrera (5.545 m) heltzean, haizeak bortizki astintzen dituen otoitz-zapi koloretsuek egin digute harrera. Munduko mendi garaienari so geratu gatzaizkio, bere buru ilunari darion lurruna airean barreiatzen delarik. Mutu geratu gara inguratzen gaituen paisaiarekin, gure begiek dakusaten irudiek hitz egiten digute soilik.

Oinarrizko kanpamentuari bisita azkarra eta etorritako bidetik itzuli gara. Khumbuko glaziarrari diosala egin, eta, haranean zehar jaitsiz, atzean utzi ditugu Lobuche, Periche eta Pangboche herrixkak. Tengboche-ko monasteriora heltzean ezin izan dugu ekidin begirada goi mendietara botatzea eta sei mila metrogaindi zutitzen diren gailurrekin liluratzea, serac-jauzi itzelak jaurti eta oreka miragarrian mantentzen diren tontor zorrotz helezinak. Erraldoi horien mendean lasai dirau monasterioaren bizitzak, egunsenti eta arratseko monjeen otoitzen erritmoan, naturak airean musikatzen duen konpasean.

Bizitzak normaltasunez darrai Nepalgo goi haranetan; nekazariak beren soroetan lanean, umeak eskolarako bidean, agureak egurrezko eserlekuetan berbetan… gizarte bat bere eguneroko errutinan murgildurik bizi da. Collage horrek inguratzen gaituen haitz eta izotzezko inguru zoragarriak bezainbeste liluratu gaitu. Ibilaldi honen azkeneszena Lukla-ko aireportutxikian bizi izan dugu, Sonameta Rai agurtu eta noizbaitberriro itzuliko garela promesa egitean. Lagun maitagarriak besarkatu, hegazkin txikian sartu eta xerpen khangpa-tik urrutiratu gara tristuraz. Laster arte!



Kathmanduko kaosean murgildu gara. Swayambunath-eko amaierarik gabeko eskaileretan gora, Pashupatinat-eko Bagmati ibaian errauste zeremonietan erretako gorpuen kearen arrastoan, Bodhnath-eko stuparen inguruan monje budisten otoitzen itzulian, Patan-eko tenpluen artean jiran, Indra Chowk eta Asan Tole-ko kaleetako zalaparta amaigabean galdurik... Atzean geratu dira hamabi egunez Sonamekin ezagutu eta gozatu ditugun Gokyo eta Khumbuko haranak, xerpen herrixka koloretsuak, isiltasuna eta ifrentzuaren usaina nagusitzen diren budisten monasterioak, merkantziaz zamatutako jak ilara luzeak, Dudh Kosi ibaia gainditzeko zubi esekiak, Tehngboche-ko magaletan loratzen diren errododendroen distira… eta, batik bat, Himalayako zerua egunero marrazten duten xerpa ume maitagarrien irribarrea.

Hori guztia da Sonamen khangpa; hori guztia da Sonam-en etxea, mugarik ez duen mundua, imajinazioak ihes egiten duen espazioa adeitsua, gizakiaren ezkutuko sentimenduak ernetzen dituen lur ziragarria. Danebad Sonam! Danebad zure etxearen ateak parez pare irekitzeagatik, bere erraiak erakutsi eta gozatzen uztegatik, gure ezkutuko sentimenduak azalarazteagatik. Danebad Sonam, mutu ez den zure paisaia gurekin partekatzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.