Sormena saritu egiten da

154 ikasleren 48 proiektu aurkeztu dira Mondragon Unibertsitateko Ekiten programako ideien hiru lehiaketetaraEnpresa, ingurumen eta aisia, gazteria eta kirol alorretan oinarritzen dira lehiaketak

Donostia
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Mondragon Unibertsitateak Ekiten ekintzaile programaren enpresa proiektu onenen sariak banatu ditu. Ideien lehiaketa da, eta proiekturik bideragarrienak eta enplegu eta aberastasun gehien sortzeko gaitasuna duten proiektuak saritzen dira.

Hiru sail bereizten dira Ekiten programan: Enpresa Ideia Berrien Lehiaketa, Landa Ingurunea Garatzeko Ideien eta Proiektuen Lehiaketa, eta Gazteria, Aisia eta Kirol Ideien Lehiaketa.

Enpresa Ideia Berrien VI. Lehiaketan Garbikode proiektua izan da saritua. Industria Antolakuntzako Ingeniaritzako azken urteko hiru ikaslek sortu dute proiektua: Maria Ruiz, Lara del Fresno eta Nerea Arregi. Proiektu horrekin, atez atekoaren inguruko alternatiba bat proposatu dute. Lara del Fresno taldekideak esan duenez, ikusten duten arazorik handiena, batetik, kaleko itxura da —atez atekoarekin kalean zaborrontzi mordoa egongo liratekeelako—, eta, bestetik, erosotasuna, izan ere, «orain 5 edukiontzirekin bizitzera ohituta dago herritarra, eta ez zabor egutegi batekin bizitzera», adierazi du Del Fresnok. Hori konpontzeko eta herriko kaleetan 5 edukiontziei eusteko helburuarekin, barra kodea daramaten zabor poltsak sortu dituzte. Zabor poltsaren jabea identifikatuta egongo da, eta zaborra nork birziklatzen duen jakingo da.

Oraingoz, ideia bat baino ez da, baina taldeko kide batzuek aurrera jarraitu nahi dute: «Diru laguntzaren bat izanez gero, lanean jarraituko dugu, baina oraindik ez dugu inoren berri izan».

Turismoa makina gainean

Landa Ingurunea Garatzeko VI. Lehiaketa Irungo LEINN eskolako 2. mailako hiru ikaslek irabazi dute: Txomin Goñik, Miriam Comeronek eta Guillermo Cañibanok, Landazoka.com proiektuari esker. Proiektuaren asmoa baserriko produktuen kontsumoa sustatzea, baserritarren eta kontsumitzaileen erosotasuna bermatzea eta bideragarria eta eskuragarria izatea da. «Bitartekari gehiegi daudela ikusi dugu, eta, ondorioz, baserritarrek edo landa produktuak saltzetik bizi direnek, euren produktuen truke diru gutxi eskuratzen dute», dio Txomin Goñik. Horregatik, saltzaile eta eroslearen komunikazio zuzena bermatuko duen tresna bat sortzea erabaki dute: landazoka.com webgunea. Tresna horren bidez, saltzaileak eskaintza zuzenak egin ahal izango ditu; erosleak, berriz, kalitatezko produktuak erosteko aukera zuzena izango du. Bi alderdiei prezio justuak eta kalitatezko produktuen salerosketa bermatzen dizkie. «Baserri, baratze edo edozein landa produktu saldu nahi duenak, profila sortzeko aukera izango du, eta gero, guk gestionatuko dugu», diote sortzaileek.

Orain, webgunea diseinatuko duen norbaiten bila dabiltza; baina irailerako webgunea martxan jartzeko asmotan dira. Hasiera batean, Euskal Herrian sustatzea aurreikusten dute; hemengo landazaleak lortzeko eta publizitatea egiten hasteko. Webgunea bi hizkuntzetan funtzionatzen hasiko da: euskaraz eta gazteleraz. Aurrerago, Iparraldera begira, frantsesa ere gehituko diote; eta aurrerago, beste batzuk: Katalana, besteak beste.

Azkenik, Gazteria, Aisia eta Kirol Ideien III. Lehiaketa Alexander Salok irabazi du; Ingeniaritza Informatikoko ikaslea da, eta karrera amaierako proiektua izan du. Turismoa eta kirola bateratzen dituen proiektua sortu du: Egin turismoa, etxean kirola egiten duzun bitartean. Askotan kirola fitness makinetan egitea oso aspergarria dela entzuten da. Saloren proiektu honen helburua, kirola bultzatzea eta kirolaria motibatzea da, turismo birtualeko esperientzia berritzaile baten bidez. Hau da, indoor kirolaria entretenituko duen produktua diseinatzea. Proiektua honetan datza: kirola egiten den bitartean, etxeko ordenagailuan espazio errealak ikusiko dira; hau da, munduko hainbat leku bisitatuko dira. GoogleMaps-ekin egingo du lan programak, eta edozein lekutara joan ahal izango da.

Fitness makina eta ordenagailua wifi bidez konektatuta egongo dira, eta gailu batek besteari datuak pasatuko dizkio: makinak ordenagailuari abiadura eta antzeko datuen berri emango dio; ordenagailuak, berriz, ibilbidearen datuak. Hala, kirolaria mendian edo aldapa batean badabil, fitness makina ere egoera horretara moldatuko da.

Gainera, programa wikipediara lotuta egongo da, eta herri batetik pasatzean, pantailan horren inguruko datuak agertuko dira: izena, biztanle kopurua, ostalaritza zerbitzuak, eta abar.

Guztira, hiru lehiaketetan, 154 ikaslek hartu dute parte; eta 48 proiektu aurkeztu dira. Hiru kategorietako proiektu irabazleak 1.000 euroko saria jaso du.

Proiektu irabazleak hautatzeko, honako irizpide hauek hartu ditu kontuan epaimahaiak: ideia bakoitzak aberastasuna eta enplegua sortzeko duen inpaktua; proiektuaren bideragarritasuna; ideiaren originaltasuna eta berritzailea izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.