Kaos moduko bat zen atzo Iruñeko Alde Zaharra. Ekitaldi eta egitasmo zirimola bat. Urrats bat egin, eta kontzertu bat; beste bat, eta clown-ak ikusleei keinuka; eskultura bat aurrerago; eta arte erakusketa bat, hurrengo kale gurutzean. Hori zen atzokoan argazki orokorra. Sortzaileek kaleak hartzea zen Trapezistaren Zorabioa izeneko elkartearen asmoa, eta arrakastatsua izan zen deialdia. Jendetzak hartu zuen parte Artisten Auzoa izeneko egitasmoan, eta giro ederra izan zen hiri erdialdean goizetik hasi eta gauera arte.
Hamaika izan ziren egitasmoarekin bat egin zuten musika taldeak. Bazkalordu aurretik Txarrena musika taldeak emanaldia eskaini zuen, esaterako, San Frantzisko plazan, El Infiernito gitarra dendaren parean. Agertokirik gabe. Jende multzoa bildu zen Enrique Villarreal El Drogas musikariak gidatutako taldearen emanaldia ikustera, eta bereziki giro ona izan zen. Musikariei ere igartzen zitzaien gogotsu zebiltzala, eta abeslariak kanta eta kanta artean errepikatzen zuen esaldia izan zen horren froga: «Gogotsu gaude ba».
Zabor poltsaz sortutako sare moduko instalazio handi eta deigarri bat jarri zuten Nabarreria plazan. Iturria zen haren ardatza, eta plaza osoa estaltzen zuen piezak. Beren oihalak hartuta kalez kale ibili ziren zenbait artista, eta San Jose plazan merkatuarekin nahasi ziren Arantzadi Safari Returns izeneko erakusketako piezak. Performanceak, antzerkia eta dantza emanaldiak ere izan ziren nonahi.
Sortzaileek hartu dute Iruñeko Alde Zaharra
Hamaika artista, aktore eta musikarik parte hartu dute Artisten Auzoa izeneko egitasmoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu