Askorentzat izen hori ezezaguna bada ere, sarean pasa den urtean zeresan handia eman zuen. Stuxnet berez birus informatiko aurreratu baten izena da. Haren berezitasun nagusia mundu errealeko azpiegiturei erasotzeko gaitasuna da. Bereziki Irango zenbait azpiegiturari erasotzeko sortutako birus bat zen, halako sofistikazio altuko lehenengotarikoa seguruenik.
Birus informatiko guztiak bezala, programa bat besterik ez da. Kasu honetan, birusak ezezagunak ziren zenbait segurtasun zulo baliatzen zituen ordenagailuetan sartu eta haiei erasotzeko. Ondoren, Siemens enpresaren kontrolatzaile batzuek konfigurazio berezi batzuk bilatu, eta PLC sistema konkretu batzuei eraso zien. Hori dena Symantec enpresak eman du aditzera, eta gerra hotz honen aztarnak ezagutzeko balio izan digu.
Gatazka ugari dago munduan, eta haietan guztietan biolentzia erabiltzen da. Biolentziak ez du zertan fisikoa izan, era askotako biolentzia baitago. Hala ere, azkenaldian guda bat abiatzeko legitimazio nahiko ez baldin badago ere edota egoera sozioekonomikoak zailtzen badu ere, oraindik ere estatuek beren interesak defendatzeko guda beharrezkoa dutela bakarrik erakusten digu honek. Guda hori hainbat eskalatan gertatzen da, baina beti gertatzen ari da. Stuxnetek mundu erreala eta mundu birtuala erabat loturik daudela erakutsi digu. Tresnak Iranen programa nuklearrerako beharrezko azpiegiturei erasotzen zien, adibidez. Eraso horrek, eragin birtuala ez ezik, eragin erreal argia izan zezakeen. Internetera konektatuta ez zeuden ordenagailu batzuk infektatzeko, gainera, USB gailuak erabili behar izan zituzten, ustez barrutik egindako eraso baten bidez. Berriro ere mundu bien beharra eta lotura nabarmentzen du horrek.
Konturatu ez bagara ere, gure etorkizuna kasu askotan teknologiaren esku uzten dugu guztiz. Hori gaur egun ez da kritikagarria, ezinbestekoa baitzaigu gauza askotan teknologia hori eta ekartzen dizkigun onurak ere oso handiak direlako. Baina, aldi berean, menpekotasun hori noizean behin argi uztea ere beharrezkoa da. Batez ere erabiltzen ditugun tresnak gure esku ez daudenean. Hori lortzeko bide bakarra ahal den guztietan autodeterminazio teknologikoa erabiltzea ere beharrezkoa da. Softwaretik hasi, software librea erabiliz adibidez, azpiegitura propioak eraikitzeraino.
Komunikazioa. Irlen sarea
Stuxnet
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu