Su bakarra dira su guztiak, finean. Eta bart iluntzekoa da horren froga. Bakoitzak bere adar, zur eta paperak zituen, bakoitzak bere gar eta bere bero eta bere jauzilariak, baina erritu bakarraren parte ziren guztiak. Kristautasunak bere egin zituen ohitura paganoetariko asko, baina udako solsztizioa dago atzoko ospakizunen oinarrian. Horregatik egiten da sua atzoko egunez. San Joan Bataiatzailearen jaiotzaren bezperan, bai, baina baita urteko egunik luzeenean ere. Esanahia aldatuz joan da urteekin, baina mendeak joan eta mendeak etorri bizirik eutsi egin dio ohiturak. Erabat ezberdina, bai, baina su bakarra gaurkoa eta lehengoa.
Kasik, herri guztietan egiten dira suak gaur egun, baina batetik bestera badira ñabardurak. Uztartu egiten dira bezperako sua eta herriko festak leku askotan. Hernanin (Gipuzkoa), adibidez. Festa egun handia izan zen horregatik atzokoa. Asteburua ere bazen, gainera, eta jende mordoa izan zuten herrian suaren bueltan. Haren gainetik ere egin zuten jauzi askok. Eta antzera aritu zen jendea Euskal Herriko beste hamaika herritan ere. Hiriburu zein kontzeju.
Urteekin hedatzen joan da, eta suak hartu du gaur egun protagonismo nagusia, baina ohitura guztiak ez dira harekin lotutakoak. Eskean aritzen zen garai batean jendea etxez etxe atzoko egunez leku askotan, adibidez. Urak eta landareek ere badute beren garrantzia sanjoanetan eta sanjuan bezperetan. Garai batean, Nafarroako herri askotan joaten zen jendea udako solstizioan erreketan bainatzera. Ilargipean murgiltzen ziren uretan.
Zenbait lekutan oraindik ere mantendu egiten da ohitura hori. Baina guztiz busti beharrik gabe ere, badira urarekin lotutako beste ohitura batzuk. Eta nahiko jendetsuak dira, gainera, haietariko batzuk. Azaleko gaitzen sendagarri omen da sanjuan bezperan zenbait iturritako ura. Igantzin (Nafarroa), adibidez, horregatik biltzen da jendea urtero San Juan Xar iturrian. Atzo ez zen salbuespena izan. Urriagoak dira bizirik jarraitzen duten landareekin lotutako ohiturak, baina mantendu egiten dira batzuk oraindik. Bizkaia eta Gipuzkoako baserri askotan, adibidez. Lizarrez egindako gurutzeak jartzen dituzte San Joan bezperan etxeko atarietan.
Galdu eta sortutakoak
Udako solstizioarekin lotutako hamaika ohitura bildu dituzte ikertzaileek beren lanetan. Jose Miguel Barandiaranek, esaterako. Galdu egin dira, ordea, haietariko asko eta asko denborarekin. Baina badira moldatu egin diren batzuk ere. Corellan (Nafarroa), adibidez. Garai batean txotxongiloak zintzilikatzen zituzten San Joan bezperan herriko etxeetan. Eta fruituz betetako gereziondoak ere lotzen omen zituzten balkoi batetik bestera. Egun, usadioak ez du kalean halako presentziarik, baina Donibane auzoko festetan oraindik ikus daitezke txotxongilo horiek.
Ohitura berriak ere sortzen dira, bestalde, eta Iruñeko Donibane auzoan egin zuten akelarrea da horren froga. San Joan bezperan suak piztu aurretik egiten dute akelarrea orain urte batzuez geroztik. Eta errepikatu egin zuten atzoko saioan, nola ez. Azken batean, errepikatuz sortzen baitira ohiturak, su, ur, landare edo dantza mugimenduekin lotuta egon.
Ezarian. Udako solstizioa
Su guztiak, su bakarra
Euskal Herrian hamaika herritan piztu zituzten suak atzoko egunez, udako solstizioa ospatzeko, baina hain hedatuak ez egon arren, badira beste errito eta ohitura batzuk ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu