DENBORA-PASAK

Sudokuaren hauspotzailea hil da

Maki Kaji japoniarrak izena eman zion zenbakien bidezko igarkizunari, eta 1980ko hamarkadaren amaieran kaleratu zuen, estreinakoz, 'Nikoli' buru hausgarrien aldizkarian.

Maki Kaji.
Igor Susaeta.
2021eko abuztuaren 17a
16:09
Entzun

Sortu, ez zuen berak sortu, baina Maki Kaji japoniarra izan zen sudokuaren hauspotzaile nagusia.Buru hausgarrien zale amorratua zen, eta horien aldizkari bat bultzatu zuen, Nikoli izenekoa. 1980ko abuztua zen. Hain zuzen, horretan kaleratu zuten, aurrenekoz, sudoku bat, 1980ko hamarkadaren amaieran. Egun, mundu mailako fenomeno bat da zenbakien bidezko igarkizuna. Haren sustatzaile behinena joan den abuztuaren 10ean hil zen, minbiziak jota, Nikoli-k astelehenean plazaratutako ohar baten arabera.

Kajik buruhausgarria marka gisa erregistratu zezakeen, eta, horrela, etekin ekonomikoa atera ziezaiokeen jokoari. Ez zuen halakorik egin, ordea. BBC hedabideari 2007an adierazi zionez, ordainsari ekonomikoa baino garrantzitsuagoa zen ikustea jendeak jokoarekin gozatzen zuela. «Asko hunkitzen nau».

Nolanahi ere, ez dago argi sudokuak non duen jatorria. Teoria baten arabera, XVIII. mendeko matematikari suitzar batek sortu zuen; The New York Times egunkariak kaleratu izan duenez, ordea, mundu arabiarrera heldu zen VIII. edo IX. mendean, Txinatik abiatu eta India zeharkatu ondoren. Eta Frantziako zenbait egunkarik jokoaren aldaera bat argitaratu zuten XIX. mendearen amaieran.

Bertsio garaikidea

Bertsio garaikidearen sortzailetzat jotzen da Howard Garns arkitekto estatubatuarra. 1970eko hamarkadan asmatu zuen jokoa, eta Number Place izena jarri. Kajik 1984an ikusi zuen joko hura aurrenekoz. «Oso interesgarria eta dibertigarria zen». Baina izena ez zitzaion gustatzen. Eta sudoku izena jarri zion. Gaur arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.