Sukaldaritza izarren bilkura

Sukaldari onenetako askok parte hartuko dute Gasteizko XVIII. Egile Sukaldaritzaren Kongresuan, bihartik ostegunera bitarteanJoan Rocari emango diote urteko sukaldari nabarmenari zilarrezko burukoa

Adrian Garcia.
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Munduko sukaldari onenen topalekua izango da Gasteizko Zaldiaran jatetxea, beste behin. XVIII. Egile Sukaldaritzaren Kongresua egingo du bihar hasi eta osteguna bitartean, eta hitzaldiak entzuteko, erakustaldiak ikusteko eta sukaldaritzaren azken joerak ezagutzeko aukera izango da bertan. Zaporez beteriko egitaraua prestatu dute kongresuan, momentuko sukaldari onenen eskutik.

Gaurkotasuna eta gazte dohatsuak. Horiexek dira urte luzez Gasteizko Egile Sukaldaritzaren Kongresuak sustatu dituen bi kontzeptuak. Aurten ere ildo horri jarraitu diote, eta Pascal Barbot, Bo Bech, Daniel Berlin, Tron Aam, Nacho Manzano, Josean Martinez Alija, Paco Morales, Senen Gonzalez, Darran Willianson, Jose Antonio Calvo eta Antoni Arrieta sukaldariak gonbidatu dituzte, besteak beste. Pascal Barbot sukaldari gaztea Frantziako sukaldari arrakastatsuenentzat jotzen dute. Haren Parisko L'Astrance jatetxeak ikusmin handia sortu du urte gutxian, eta dagoeneko hiru Michelin izarrak eskuratu ditu.

Iparraldeko sukaldaritza ezagutu, miniaturako sukaldaritzari buruzko xehetasunak barneratu, txuleta prestatzeko teknikak ikasi, eta, batez ere, lehen mailako kalitateko produktuak dastatu. Iazko kongresuaren arrakastaren ondotik egitarau zabalarekin dator aurten Zaldiaran jatetxeko Gonzalo Antonek antolatutako kongresua.

Hitzaldi eta erakustaldiak Europa Kongresu eta Erakusketa Jauregian egingo dituzte, etagonbidatutako sukaldariek Zaldiaran, El Caseron eta Sagartoki Erretegian egingo dituzten otorduetan izango dute euren abilezia erakusteko aukera. Biharko afarian, esaterako, miniatura sukaldaritza eta bakailao platerak dastatu ahal izango dituzte gonbidatuek, Senen Gonzalez, Darran Willianson, Jose Antonio Calvo eta Antoni Arrieta sukaldarien eskutik.

Joan Roca sarituko dute

Omenaldiak egiteko ere baliatuko dute kongresua. Ohiturari jarraiki, antolatzaileek urteko sukaldari nabarmenari zilarrezko burukoa emango dio. Joan Roca El Celler de Can Roca jatetxeko sukaldariari emango diote aurten saria. Restaurant aldizkariak urtero kaleratzen duen munduko jatetxe onenen sailkapenean bigarren postua eskuratu zuen Rocaren jatetxeak iaz. Iragan urtean Rene Redzepi Danimarkako Noma jatetxeko sukaldariari eman zioten. Kopenhageko jatetxea munduko onena izendatu zuen Restaurant-ek iazko sailkapenean.

Egile Sukaldaritzaren Kongresuaren ikurra den zilarrezko burukoa banatzeaz gain, beste sukaldari batzuk ere omenduko dituzte. Pedro Arregi, Getariako Elkano jatetxeko sukaldaria, izango da haietako bat. Haren ibilbide profesionalari aitortza berezia egingo diote, «herrialdeko erretegi onenetarikoari eskainitako dedikazioagatik».

Duela berrogei urte baino gehiago Pedro Arregik ireki zuen Elkano erretegiaren arrakastaren funtsa ez da urte horietan guztietan aldatu. Kalitatezko lehengaiei jatetxearen hastapenean ematen zieten garrantzia ematen jarraitzen dute egun. Arrain osoak azal eta guzti arranparrilan erreta eskaintzen lehenengoa izan zen Arregi. Arranparrilako erreboila osoak azkar hartu zuen ospea Elkanon. Asteazkenean egingo diote omenaldia Arregiri, Gasteizko El Caseron jatetxean egingo duten bazkarian. Gastronomia alorreko ehun bat profesional gonbidatu dituzte bazkarira, eta Tolosako Casa Julian jatetxeko Matias Gorrotxategik txuleta prestatzeko teknikari buruzko erakustaldia egingo du. Jarraian, David de Jorge sukaldariak eta telebistako Robin Food saioaren aurkezlearen eskutik solasaldia izango da.

Pedro Arregiri ez ezik, Bodegas Mauroko Mariano Garcia enologoari, Logroñoko La Merced jatetxeko Lorenzo Cañas sukaldariari eta Granadako Ruta del Veleta jatetxeko Pedraza anaiei ere aipamen berezia egingo diete kongresuan.

Hitzaldien, erakusketen eta omenaldien artean, lehiaketak ere izango du lekua. Sukaldari gazteen Espainiako txapelketa egingo dute kongresuan. Egun oso ezagunak diren sukaldariek parte hartu eta irabazi dute txapelketa hori, hala nola Andoni Luis Adurizek, Sergi Arolak, David de Jorgek eta Joan Rocak berak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.